Arabako babarrun nabarra
Babarrun-barietate hau tradizio handikoa da Arabako soroetan. XVIII. mendetik ereiten da Arabako mendi eta bailaretako eskualdeetan, eta, garai batean gainbehera egon ondoren, 90eko hamarkadatik indarrez berreskuratu da ekoizpena, gaur egun 200 hektareatan baino gehiagotan ereiten da-eta.
Nabar zuridun kolore granate bereizgarria dauka, biribildua da eta tamaina txikia du. Maiatzean erein eta irailaren amaieran edo urriaren hasieran biltzen da (guztira, 100-110 eguneko iraupena du ereinaldiak). Eskuz biltzen da, eta, horretarako, lekak erauzten dira. Gero, garandu ondoren, lehortzen uzten dira, eta epea klimatologiaren araberakoa izango da, zenbat eta euri gehiago egin orduan eta denbora gehiago beharko dutelako.
Hobeto kontserbatzeko, eguzkiaren eragin zuzenetik urrun dagoen leku fresko eta lehorrean gordetzea gomendatzen da. Oso zaporetsuak dira, fin-finak dira ahosabaian eta azal gutxi dute.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra