CASTELLANO

Uda eta beroa heltzen direnean, geure dieta aldatu behar dugu, energia gutxiago kontsumitzen dugulako eta, horren ondorioz, ez da hain kalorikoa izan behar. Oso garrantzitsua da elikagaien artean likido asko egotea eta antioxidatzaile ugari edukitzea, eguzki-erradiazio biziaren ondorioei aurre egiteko eta gorputzaren tenperatura murrizten laguntzeko. Ura, bitaminak, mineralak eta zuntza ezinbestekoak dira, organismoa arazten laguntzeko. Hain zuzen ere, sasoiko frutek eta barazkiek hidratazio egokia bermatzen dute.
Askotan, ohitura onak, ohitura osasungarriak galtzen ditugu udan: gauez irtetea, alkohola edatea, berandu jaikitzea eta ez gosaltzea. Hori dela eta, ez dugu elikadura behar bezala zaintzen.
Oso gomendagarria da dieta ugaria egitea, elikagai osasungarri bezain arinak jatea, lar ez prestatzeko eta hotz zerbitzatzeko moduko elikagaiak aukeratzea eta arrazioak larregizkoak ez izatea. Honako hauxe jan beharra dago: sasoiko frutak eta barazkiak, esnekiak, arrautzak, plantxan eta labean egindako arraina, zerealak, pasta, ogia eta lekaleak, entsaladan ere bai. Zopa eta krema hotzak ere badira freskagarriak eta hidratagarriak. Horrez gain, zuntz ugari eta kaloria gutxi dituzte. Haragi gutxiago jan behar da; eta, ahal dela, gihartsua. Bestetik, elikagai koipetsu eta frijitu gutxiago jan behar dira, digestioa geldotzen dutelako. Postrerako, sasoiko fruta da aukera onena, baita izozkiak ere, baina etxean egindakoak badira, hobeto.
Aholkuak:

  • Egunean 2 litro ur edatea, baina, otorduetan ez ezik, bero handieneko orduetan ere bai. Zurrut txikietan edanez gero, are hobeto hidratatzen da organismoa.
  • Edari alkoholdunak saihestea, deshidratatu egiten gaituztelako, baita azukredunak ere, kaloria asko dituztelako eta egarri handiagoa ematen digutelako. Te hotza, azukrerik gabeko zukuak eta etxeko limonadak dira gomendagarrienak.
  • Egunean 4 edo 5 otordu egitea eta ordutegiak antolatuak izatea, hurrengo otorduan gose gehiegi ez edukitzeko eta, batez ere, ordu artean ezer ez jateko. Afariak arinak izan behar dira, atsedena behar den modukoa izan dadin.
  • Sasoiko barazkiak eta ortuariak jan behar dira udako dietan.
  • Erregosi bakunak udan janaria prestatzeko aukera onena dira.
  • Lar ez jatea eta saltsak nahiz haien kaloriak saihestea.
  • Sukaldean txukun-txukun jardutea eta frutak zein barazkiak ondo garbitzea, elikadurako toxikaziorik sortu ez dadin.
  • Honako hauexekin kontuz ibiltzea elikadurako infekziorik sortu ez dadin: elikagai kontserbatuak eta hoztuak, haragiak, arrainak eta itsaskia.
  • Dieta osasungarri bezain orekatuaren osagarri, ariketa ere egitea, udan astialdi luzeagoa dugula kontuan hartuta.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra

(Visited 214 times, 1 visits today)