[button url=’http://zainduzaitez.com/la-macedonia-de-frutas-el-postre-perfecto/’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
 
Udaberria eta lehenengo beroak iristen direnean, sasoiko era guztietako frutak dira nagusi dendetan nahiz supermerkatuetan. Beraz, aukera paregabea daukagu fruta horiek mazedonian jateko, erraz eta azkar prestatzen den errezeta dela kontuan hartuta.
Era berean, fruten entsalada edo koktela ere esaten diote, eta azkenburuko gozoa bezain osasungarria da. Plater honen bidez, ondo baino hobeto beteko dugu “egunean 5 arrazio fruta eta barazki” esaldi ezagun eta gomendagarria. Oso egokia da fruta hozkadaka jaten ez duten ume eta helduentzat, mokadu freskagarria da-eta.

«Fruta-mazedonia oso egokia da fruta hozkadaka jaten ez duten ume eta helduentzat, mokadu freskagarria da-eta.»

Ez dago errezeta bakarra. Fruta-mazedonia erraz-erraz prestatzen da. Fruta zati txikietan ebaki ostean, azukrea, likorea eta fruta-zukua ere erantsi ahal izango dizkiogu. Edozein fruta erabili daiteke eta sasoiaren arabera aldatu. Gainera, fruta freskoa eta almibarrekoa ere nahastu daitezke.
Izena Alejandro Magnoren inperio mazedoniarretik dator, eta era guztietako arrazak, kulturak, hizkuntzak eta erlijioak bizi ziren bertan. Heterogeneotasunaren ideia horren eraginez, XVIII. mendean frantsesek gauzen nahasketa moduan berreskuratu zuten, eta gastronomian hasi ziren erabiltzen, lehenengo eta behin barazkietan ezarri arren.
Onurak
Oso plater osasungarria da, mazedoniaren osagai diren frutek bitaminak, mineralak, zuntzak eta proteinak dituztelako. Besteak beste, oso onuragarria da tentsio arteriala, kolesterol-mailak eta bihotz-hodietako arazoak murrizteko. Era berean, frutek ahalmen antioxidatzailea ere badutenez, zahartzapena geldiarazten eta larruazala hidratatzen lagunduko digute.
Gainera, ur asko eta beste elikagarri batzuk ere badituztenez, asegarriak dira, eta argaltzeko dietetan gomendatzen dira.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra

(Visited 866 times, 1 visits today)