Elkarrizketa: "Mendebaldeko gaur egungo elikaduran, kaloria huts asko eta elikagarri gutxi daude"
Ana Isabel Salegui Psikologian lizentziatu zen Klinikako eta Psikologia Sozialeko espezialitateetan. 1997an, Elikadurako Nahasmenduetan espezializatzeko ikastaroa egin zuen, eta, 1999an, gai horri buruzko lehenengo liburua argitaratu zuen. 2002. urteaz geroztik, Erizaintzako Kontseilu Orokorreko Osasunaren Zientzietako Nazioarteko Eskolako irakaslea da, eta, 2002an argitaratutako “Consume y calla” liburuaren bidez, lehen aldiz murgildu zen zabalkunde orokorreko liburuen munduan.
Gaur egungo gizarteko osasun-arazo handiak sukaldaritzari eta janari eskaintzen diegun denbora urriaren ondorioa ote dira?
Gure gizartea korrika eta presaka dabilenez, lehentasunezko gaixotasun fisiko eta psikiko asko eta asko sortu dira gaur egun. Hau da, korrika goaz lanera, korrika goaz supermerkatuko korridoreetatik erosketak egitera, korrika goaz umeen bila garaiz iristeko, beti gabiltza korrika.
Lehen, mahaian bi plater eta postrea egotea eta menua sarriegitan ez errepikatzea zen funtsezko kezka. Inork ez zuen gogoan elikagarri gutxi edukitzea, kolesterola prebenitzea, funtsezko elikagarriak eskaintzea eta, are gutxiago, eguneko gomendatutako premiak estalita zeudela ziurtatzea.
Era berean, oso garrantzitsua zen zer eta nola jaten zen. Guztiok elkarrekin, eserita, berbetan, komunikatzen eta inor, inortxo ere ez zen mahaitik altxatzen harik eta jaten amaitu arte. Jatekoa ulertzeko modu horrek, erritu familiar horrek elikatu, hezi eta moldeatu egiten zuen.
24 azterketako meta-anilisitik ateratako ondorioaren arabera, oharkabean, hau da, telebista ikusten, Interneten nabigatzen, mobilaz jokatzen edo irakurtzen jaten dutenek gehiago eta luzaroagoan jaten dute konturatu gabe. Izan ere, %10 gehiago jaten dute; eta %25 gehiago ere, hurrengo otorduan, gure organismoak aurrekoan nahikoa jan ez dugula sentitzen duelako.
Horrez gain, saldutakoaren kalitatea alde batera utzita diru gehiago irabazi nahian elikagaigintzan gertatutako aldaketak kontuan hartuta, loditasuna, kolesterola, hipertentsio arteriala, sindrome metabolikoa, diabetea eta elikadurako nahasmenduak (anorexia eta bulimia) areagotu dira.
«24 azterketako meta-anilisitik ateratako ondorioaren arabera, oharkabean, hau da, telebista ikusten, Interneten nabigatzen, mobilaz jokatzen edo irakurtzen jaten dutenek gehiago eta luzaroagoan jaten dute konturatu gabe.»
Elikadurako ohiturak aldatu dira eta apurka-apurka dieta mediterraneo osasungarri bezain orekatua utzi dugu alde batera?
Orain dela gutxira arte, elikadurako jakintzak belaunaldiz belaunaldi igortzen ziren. Gure amek eta amonek ez zekiten ezer nutrizioari buruz, ez zuten sukaldaritzako ikastarorik egiten eta ez zuten inolako gehigarririk behar, indartsu bezain osasuntsu eta koiperik gabe hazi gintezen.
Ohitura horiek aldaketa sozialen ondorioz gertatu ziren (emakumeak laneratzean eta hiri handiak haztean), eta oinarrizkoa zen denbora kudeatzea. Ez zegoen azokara egunero joaterik, denbora urri hori ahalik eta ondoen erabili beharra zegoelako. Kontserbatzaileen munduak aurrera egin zuen, eta aste osorako erosketak egiten hasi ziren; edo, hamabost egunean behin. Hori dela eta, kontserbatzaile gehiago erantsi behar ziren, produktuek luzaroagoan iraun zezaten. Pagotxa horri erreparatu ostean, merkatu berria sortu zen: opilgintza, esnekiak, aldez aurretik prestatutako janaria, deshidratatutako prestakinak…
Gure dietaren funtsezko oinarria ziren lekaleak prestatzeko, denbora larregi behar zenez, alde batera utzi ziren, eta elikagai “azkarragoak” erabiltzen hasi ziren, elikagarritasunari begira txarragoak baziren ere.
Dieta tradizional gehienek elikagarri ugari eta kaloria gutxi dituzte, eta gure dieta mediterraneo zapuztua horien artean dago, gaur egungoak originalarekin antz handirik ez badauka ere. Badirudi mendebaldeko gaur egungo elikadura izan dela osaera hori alderantzikatu ahal izan duen bakarra, kaloria huts ugari eta elikagarri gutxi dituelako.
Edozein dieta tradizional funtsezko bi puntutan dago oinarrituta: agerikoa denez sasoikoak izan beharreko produktu freskoak eta prestatzeko denbora eta gogoa.
Hartara, gaur egun, ume eta nerabe askok ez dute janaria prestatzen jakingo hazten direnean, inoiz ez dutelako halakorik egiten ikusi. Elikadurari buruz dituzten jakintzak publizitateko iragarkietatik ateratzen dituzte, eta honako hauexek dira sukaldaritzan dituzten trebetasunak: janaria mikrouhinean berotzea, zartagina erabiltzea edo tele-zerbaitera deitzea.
Badakigu zer ondorio txar dituzten batere osasungarria ez den elikadurako ohiturek gure osasunean?
Jakinaren gainean hitz egiten dut nire liburuan elikagaigintzako enpresak gure herrialdeko osasun-arazo nagusien erantzuleetakoak direla diodanean. Sinestea zaila bada ere, Espainia Estatu Batuen aurretik dago umeen loditasunean, eta epidemia horren errudun nagusiak elikadura txarra eta egoneko bizitza baino ez dira ia-ia.
Pediatrek umeen kolesterol-maila handiak daudela adierazi dute, eta, oraingoz, Espainiako umeen %22n dute eragina. Kolesterol handia duten umeek oso goiz eduki ahal izango dituzte bihotz-hodietako arazoak.
Behar besteko garrantzia ematen diegu elikagaien nutrizio-etiketei?
Beste galdera baten bidez erantzungo dizut: nutrizio-etiketak ulertzen ditugu? Izan ere, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikasleei egindako inkestan egiaztatu egin zen haien erdiak-edo honako termino hauek bereizteko gai zirela: prebiotikoa, probiotikoa, ekologikoa, naturala edo transgenikoa.
Etiketei buruzko kontrolak nahikoak omen ez direla kontuan hartu gabe, produktuaren benetako adierazgarriak ote dira ontziak eta etiketak? AEBn, 2010. urtean, 17 urteko neska-mutilek egindako ikaslan soil batean nabarmendu zenez, elikagai askotan ez zeuden euren etiketetan adierazitako osagaiak. Tokiko establezimenduetan erositako 66 elikagaietatik, 11k ez zuten euren etiketetan adierazitakoa.
Bestetik, 2012an Freshfelek, Europako fruta eta barazki freskoen sektorea ordezkatzen duen elkarteak, agindutako “¿Dónde está la fruta?” azterlanean azaltzen zenez, sarritan fruta freskoaren irudia eta izena erakargarri moduan erabiltzen dira halakorik ez duten produktuetan edo horrelako gutxi duten produktuetan, baina, batez ere, esnekietan, gozokietan eta edarietan. Aztertutako bost artikulutatik batek ez zeukan frutarik, eta, beste %32n, ehuneko hori produktuaren pisu osoaren %10etik beherakoa zen. Txostenean ateratako ondorioaren arabera, %13,5ek bakarrik zuten ontzian edo etiketan fruta freskoaren irudiak erabiltzeko benetako baimena.
Antza denez, zenbait erakargarriri baino ez diegu erreparatzen: produktu lightak, %0 koipe, %0 azukre… Benetan onuragarriak dira osasunerako?
Orain dela zenbait urte, “produktu lightak” agertu zirenean, hainbat lagunek hozkailuko ateak ireki zizkieten oso koipetsuak edo azukretsuak edo oso koipetsuak eta azukretsuak izateagatik alde batera utzi behar omen zituzten produktuei.
Jende askoren ustez, produktu lightek ez zuten loditzen, eta hori ez da egia. Gainera, lightak ez ziren produktuak baino osasungarriagoak ere bazirela uste zuten, nahiz eta egia osoa izan ez.
Nahasmena handitzeko, “produktu lightetan”, “koipe gutxikoa” edo “erantsitako azukrerik gabekoa” esaldiak agertu arren, horrek ez du esan nahi halakorik ez dutenik, ekoizpen-prozesuan gehiago eransten ez dizkietela baizik. Horrez gain, “koipe gutxikoa” esaldiak ez du esan nahi produktuok kaloria gutxi dituztenik, azukre asko eraman ahal izango dituztelako. Hala ere, ez diote jendeari gezurrik esaten. Beraz, jende gehienak “koipe gutxikoa” hipokalorikoa dela pentsatzea da arazo nagusiena.
Oro har, paketean “koipe gutxikoa” dela jartzen badu, zenbat azukre duen begiratzea gomendatzen diet nik. Aipamen hori azukreei buruzkoa bada, ordea, zenbat koipe duen eta koipe horiek zer kalitatetakoak diren begiratzeko esaten diet. Gure arautegiaren arabera, produktua “lighta” izateko, bi eskakizun baino ez ditu bete beharko:
1.- Elikagai bera bertsio ez-lightean egotea.
2.- Jatorrizko produktuaren kaloriak gutxienez %30 murriztea.
Osagaiak kontuan hartzen ez direnez, elikagaia osasungarria den ala ez neurtzeko orduan, ez da nahikoa izango zenbat kaloria dauden begiratzea, haien kalitateari ere erreparatu beharko diogulako.
«Konbentzitu egin gaituzte “zaintzea” “argal egotea” dela, eta hori ez da beti horrela. Gainera, ez dugu kontuan hartzen gure gorputza garapenaren, adinaren eta, emakumeen kasuan, haurdunaldiaren ondorioz aldatzen dela.»
Kolesterolaren aurkako elikagaiak, Omega 3 bidez aberastutakoak, glutenik gabekoak… Norantz goaz?
Elikagaiak gero eta “medikalizatuago” daude, eta hori gaizbera da berez. Askotan, gainera, ez da inolaz ere egiaztatu osasunari buruzko alegazio eta osagai horiek eraginkorrak direnik.
Orain dela gutxi, Omega 3ei buruzko azterlanetan egindako eta ‘British Medical Journal’ aldizkarian argitaratutako berrikuspen sakonaren ondorioz, ikusi egin ahal izan da Omega 3 gantz-azidoek inolako eraginik ez dutela hilkortasunean eta bihotz-hodietako arazoetan, nahiz eta dietan kontsumitu edo elikadurako gehigarri moduan hartu. Haurdunentzat eta infartua edukitakoentzat baino ez zioten preskripzioari eusten. Hala ere, badago asteko kopuru gomendatua hiru sardinatan edo hamar litro esnetan hartzerik.
Elikagai funtzionalen merkatua gure hozkailuetan sartu zenean, “zerbaitetarako onak” edo “prozesu arruntak sustatzen zituztela” uste izan genuen. Gehienak egiazkoak ez zirenez, EPSAk baieztapen horiek debekatu zituenean, jartzen jarraitzeko trikimailuak erabiltzen hasi ziren; esate baterako, onartuta dauden bitaminak edo antzekoak eransten dituzte, baina oro har daude gure dietan. Hori dela eta, ez ditugu beharko, ondo, ugari eta orekaz jaten badugu.
Horrelako etiketek badute zerikusirik pisu egokiari eusteko, gazte jarraitzeko eta irudi ona edukitzeko obsesioarekin?
Konbentzitu egin gaituzte “zaintzea” “argal egotea” dela, eta hori ez da beti horrela. Gainera, ez dugu kontuan hartzen gure gorputza garapenaren, adinaren eta, emakumeen kasuan, haurdunaldiaren ondorioz aldatzen dela. Era berean, zenbat “argal gaixo” edo “argal faltsu” dauden ere ez da kontuan hartzen. Hego Karolinako Unibertsitateko Steve Blair irakaslearen esanetan, egoera fisiko onean dauden lodiak egoera fisiko txarrean dauden argalak baino osasuntsuagoak izan daitezke. Egiazkoak ez diren edertasun-kanonak ezarri direnez eta osasunaren zein ongizatearen kontzeptua neurriaren (txikia) lorpenean oinarrituta dagoenez, ‘argal faltsuak’ sortu dira, hau da, kirola egin behar dute argal egoteko, baina txarto eta gutxi jaten dute.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra