CASTELLANO

 

Martxoan, patata berriaren uzta hasten da, eta biltzen den lehenengoa da. Urre-koloreko azal fina kanpoko aldearen ezaugarri bereizgarria da; eta kolore zuria edo horixka samarra, barruko aldearena. Patata zaharrak ez bezala, trinkoagoak eta txikiagoak dira.

7.500etik gora barietate dituen tuberkulu hau XVI. mendean iritsi zen Espainiara, eta ez zuen onarpen handirik eduki. Gizarte-maila txiroenen dietaren osagaia zen, eta ganaduari jaten emateko ere erabiltzen zen. XIX. mendean, goseteei aurre egiteko asmoz, gehiago kontsumitzen hasi zenez, lekaleen laborantza alde batera utzi zen. Gaur egun, munduan gehien jaten den bigarren elikagaia da zerealen ostean.

Gaur egun, Espainiako 1.500 inguru hektareatan ereiten da patata berria, eta Andaluzia zein Gaztela eta Leon dira ekoizpen handieneko erkidegoak.

Patata berria edo goiztiarra txikiagoa eta hauskorragoa da, eta heldu baino lehen biltzen da. Patata zaharra edo berantiarra, ordea, heldu denetik hasi eta hamabi hilabete geroago ere biltzen da. Ur gehiago edukitzean zaharra baino txarrago kontserbatzen denez, egurastutako leku ilunean gorde beharra dago. Erosteko orduan, azala leun eta distiratsu dutela begiratu beharra dago.

“Patata berria edo goiztiarra txikiagoa eta hauskorragoa da, eta heldu baino lehen biltzen da. Patata zaharra edo berantiarra, ordea, heldu denetik hasi eta hamabi hilabete geroago ere biltzen da.”

Egostea barik hobe lurrunetan egitea, euren bitaminak eta mineralak galdu ez ditzaten; baita zuritu gabe ere, elikagarriei eutsi diezaieten. Patata berria oso egokia da egosteko eta frijitzeko, trinkoa izatean ez delako hausten.

Elikagai honek ontasun elikagarri eta gastronomiko handiak dituztenez, oso ona da egunero jatea: entsaladetan, beste barazki batzuekin, lekaleekin, pureetan edo bigarren plateretako hornigai moduan.

Energia-iturria dira, eta, patata berriek zaharrek baino ur gehiago dutenez, almidoi gutxiago dute. Hasiera batean, kaloria-ekarpena txikiagoa bada ere, nola prestatzen diren hartu beharra dago kontuan. Hartara, frijitzen badira, haien kaloria-ekarpena hirukoiztu egiten da. Patatek zuntz ugari dutenez, ase gaudela sentiarazten digute. Horrez gain, prestatzean galtzen duten C bitamina ere badute, baita oligoelementuak ere; burdina eta potasioa, esaterako.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra