Guztiok badakigu zein diren umeen aho-hortzen osasunerako elikagai kaltegarrienak: litxarreriak. Izan ere, karieak sorrarazten dituzte bertako azukreak edo almidoiak metabolizatzen dituzten bakterioek sortutako azidoen ondorioz.

Era berean, oso kontuan hartu beharra dago gero eta edari bigun gehiago kontsumitzen direla (zukuak eta edari freskagarriak) eta nutrizio-kalitate handiko edariak albo batera uzten ari direla (esnea, esaterako). Hori dela eta, ondorio kaltegarriak sortzen dira hortzen osasunean. Beraz, lantzean behin baino ez dira jan beharko.

Nolanahi ere, txokolatea kalte gutxien eragiten duen gozokia dela esan beharra dago. Izan ere, egiaztatu egin da kakaoaren alearen zati batek bakterioen aurkako edukiak dituela.

Aho-hortzen osasunerako onuragarriak diren elikagaiei dagokienez, kaltzio eta fosforo ugari dituen gazta nabarmendu beharra dago, hortzen esmaltea berreratzean ahoko PHa orekatzen laguntzen duelako. Bestetik, esnea bera ere bada aliatu ona, kaltzioa eta D bitamina ditu-eta.

Horrez gain, frutak eta barazki gordinak ere aipatu behar dira, murtxikatzen direnean listu ugari sortzen delako eta azidoak neutralizatzeko eta karieak ekiditeko bikarbonato ugari duelako. Horrela, bada, sagarrak antioxidatzailea duenez, bakterioen aurkako babes handia eskaintzen du. Era berean, ur asko duten frutak ere badira onuragarriak; esate baterako, meloia eta sandia.

Ura ere hartu beharra dago kontuan, azidotasuna garbitu eta azukre-hondakinak desagerrarazten dituelako.

Azkenik, gogoan izan behar dugu otorduan bertan jaten diren elikagaiek hainbesteko kalterik egiten ez dutela, listu gehiago sortzean azidoen eraginak murriztu egiten direlako.

© Zainduzaitez 2014