Tomatea gure baratzeko eta, horren ondorioz, gure entsaladetako protagonista nagusietakoa da. Edonola ere, horrek ez du esan nahi tomateari buruzko mitorik eta herri-sineskizunik ez dagoenik. Askotan, gainera, inolako oinarririk ere ez dute.
Tomateak ikaragarri loditzen du
GEZURRA
Tomateak, bere familiakoak diren ortuari, barazki eta frutek bezala, oso kaloria gutxi dituenez (100 gramoko 20 kaloria, gutxi gorabehera), ez da hain elikagai kalorikoa.
Horrez gain, zuntza, bitaminak eta mineralak ere badituenez, beste barazki batzuk bezala, oso lagungarria izango da dieta osasungarriagoa egin nahi dugunean, gure ohiko elikagaietakoa bada.
Tomatea oso txarra da hezuerirako
GEZURRA
Azido urikoa gure organismoko zenbait substantziaren metabolismoaren ondorioz sortzen da. Odoleko azido urikoa balio arrunten gainetik dagoenean, hezueria sortu daiteke (azido urikoaren kristalen metaketa) gorputzeko zenbait ataletan.
Berez, elikagaiek ez dute azido urikorik (metabolismo nitrogenatua narriatzean sortutako substantzia da azido urikoa). Hala ere, badute gure gorputzean azido uriko bihurtzen den purinarik.
Hori dela eta, hezueri-krisia sortzen denean edo odoleko azido urikoaren tasa murriztu nahi dugunean, dietako purinen kopurua kontrolatu behar dugu.
Oro har, purinak proteina ugariko elikagaietan eta, horren ondorioz, animalia-jatorrikoetan agertzen dira; esate baterako, haragi gorriak, ehiza, itsaskiak, erraiak, haragi-aterakinak eta landare-jatorriko zenbait elikagai (dilistak edo ilarrak, adibidez).
Era berean, kontu handiz ibili beharra dago xantina ugari dituzten elikagaiekin (tea, kafea, kafeinadun edariak, txokolatea, kakaoa…, batez ere), baita alkoholarekin ere, urato-kristalen eraketa sustatzen duelako eta euren desagerpena eragozten duelako.
Tomateak ez dauka ez purina ez xantina asko. Beraz, badago hiperurizemiarako dietan jaterik (azido uriko handia). Izan ere, lehen aipatu dugun moduan, landare-jatorriko beste elikagai batzuk bezala, oso ona da eguneroko dietan jatea.
Dieta batzuetan, hobe da tomaterik ez jatea
EGIA
Oso kalorikoa ez denez eta ura, zuntza zein bitaminak dituenez, tomatea, gainerako ortuari, fruta eta barazkiak bezala, gure ohiko dietan jan beharko genuke (egunean 5 fruta eta barazki arrazio jatea izango litzateke egokiena).
Nolanahi ere, unean uneko arazo batzuetan, urdaila babesteko dietetan, bihotzerrerako dietetan, gastritisean…, esaterako, hobe da tomaterik eta haizetsuak edo azidoak diren beste fruta eta barazki gordin batzuk ez jatea.
 
Laura González
Gastronomia Basako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra
 

(Visited 108 times, 1 visits today)