Sagarra, udazkeneko fruta
Udazkenean, sagarraren sasoia hasten da, eta fruta ezagun eta merkeenetakoa dela esan beharra dago. Sagarraren historia luzea da, garrantzi kultural zein sinboliko handia dauka eta jende gehienak toleratzen duen fruta da.
Sagarrondoa fruta-arbola landatuena da, eta erraz-erraz egokitzen da leku epeletako era guztietako lurzoru eta klimetara, hotzenetara ere bai. Udazkena bere garai egokiena bada ere, urte osoan dago eskuragarri. 20.000 sagar-barietate baino gehiago daude, eta bakoitzak testura zein zapore desberdina dauka (Golden, Royal Gala, Reineta, Pink Lady, Fuji, Braeburn…). Barietate bakoitzak zenbait erabilera ditu sukaldaritzan bere ezaugarrien arabera: kurruskariak, urtsuak, azidoak, gozoak…
«Sagarrak egunero gomendatutako bitaminen zein mineralen kopuruaren zati bat eskaintzen digu, eta sistema immunitarioa indartzen ere laguntzen digu.»
Espainia herrialde ekoizle nagusietakoa da. Sagarren %40 Katalunian ekoizten dira; eta, ondoren, Aragoin, Errioxan eta Nafarroan.
Fruta hau aukeratzeko orduan, ez dugu kolpeak, zimurrak edo orbanak dituena hartuko. Egunetan eta egunetan, sagarra ondo kontserbatzen da giro-tenperaturan. Zuritzen denean, laster iluntzen denez, azken unean zuritu edo limoi-erdiaz igurtzi behar da.
Sagarra ezin hobeto doa edozein elikagairekin, eta gordinik edo osagai moduan jaten da entsaladetan, saltsetan, erregosietan… Dena dela, inolako zalantzarik gabe, funtsezkoa da gozokiak, tartak, konpotak, opilak, marmeladak, gelatinak edo zukuak egiteko orduan.
Sagarra dietako fruta osoenetakoa da, hainbat eta hainbat ezaugarri elikagarri dituelako. Bere osaketaren %85 ura denez, freskagarria bezain hidratatzailea da. Gainera, azukreak (fruktosa) dira ugarien dituen elikagarriak.
Horrez gain, honako hauxe ere badu sagarrak: ezaugarri antioxidatzaileak, kolesterola gutxitzeko ondorio onuragarriak, ezaugarri diuretikoak eta hesteetako iragaitza erregulatzen laguntzeko zuntza. Era berean, mineralak ere baditu; esate baterako, kaltzioa, potasioa, burdina, magnesioa eta zinka.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2015. Lege-Oharra