Pasta, dieta mediterraneoko plater oso bezain bakuna
[button url=’http://wp.me/p4op7e-1mO’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
Inolako zalantzarik gabe, dieta mediterraneoko elikagai preziatuenetakoa da, eta oso gomendagarria ere bada elikadura osasungarri bezain orekatuari begira. Gainera, era askotara ere erabili daiteke; esate baterako, sarrera, hornigai, plater bakar, entsalada, zopa edo azkenburuko moduan.
Produktu hau egiteko, irina nahasten da urarekin, eta honako hauxe ere gehitu ahal zaio: gatza, arrautza (loditasuna eman eta elikagarriago egiten du), barazkiak (kolorea eman eta mineralak zein bitaminak eransten dizkiote) edo beste osagai batzuk.
Edozein irin erabili daitekeen arren, errezeta gehienak tradizio italiarraren araberakoak direnez, gari gogorra edo kandeala erabiltzen dute. Ur gutxiago daramanez, luzaroago kontserbatu daiteke ezaugarri elikagarriak eta organoleptikoak aldatu gabe.
Irakiten dagoen uretan egosten da. “Al dente” janez gero (gogor samar dago haginka egitean), glukosa jaitsi eta luzaroago egongo gara ase.
Pasta lehorra edo freskoa izan daiteke. Lehenengoa egiteko, semolaz edo gari-irinez eta urez egindako ore hartzitu gabea lehortu beharra dago. Freskoa, ordea, arrautzaz egiten da batez ere, eta azkar baino azkarrago jan beharra dago laster mugaeguneratzen delako.
Bere jatorria oso eztabaidatua da. Orain arte, Txinan sortu eta Marko Polok Europara ekarri zuela uste izan dugu. Nolanahi ere, seguruenik, arabiarrek XI. mendean ekarri zuten kontinentera.
Erabilitako osagaien araberako barietate ugari daude, eta zenbait eratakoak ere bai. Honako hauexek dira nagusiak:
- Espagetiak: luzangak eta sekzio biribilekoak dira. “Kordela” esan nahi duen italierako “spago” hitzaren txikigarritik dator izena.
- Tagliatelleak edo tallarinak: espagetien antzekoak dira, baina haien sekzioa angeluzuzena edo laua da.
- Fettuccineak: luzangak eta lauak dira.
- Makarroiak: hodi estuaren antza dute.
- Rigatonia: ildaska paralelodun pasta tubularra da.
- Fusilliak: helizearen edo begiztaren forma dute.
- Farfalleak: tximeleten antza dute, eta haien ertza hozkatua da.
Era berean, honako hauexek ere badaude: vermicelliak, pappardelleak, linguineak, capelliniak, ziriak, bucatiniak, capelli d’angeloak, tortiglioniak, penneak, gnocchiak, rotiniak, dedaleak (minestronerako erabiliak), txori-mingainak…
Pasta beteen kategorian, ezagunenak ravioliak (paketetxo karratuen antzekoak) eta tortelliniak dira (korapilatutako bilkaritxoen antzekoak).
Horrez gain, xerra-itxurako pastak ere nabarmendu behar dira. Kaneloiak eta lasagnak egiteko erabiltzen dira, eta haragi txikitua, bexamela eta barazkiak daramatzate, besteak beste.
Era berean, bizitzako etapen edo patologien arabera egokitutako barietate dietetikoak ere badaude: umeak, diabetikoak, giltzurrunetako gaixoak, hipertentsoak, zeliakoak…
Onura elikagarriak
Pasta karbohidratoen iturria da, eta proteina ere dauka. Bestetik, koipeak eta mineralak ere baditu, baina neurri txikiagoan. Ez du kolesterolik, eta ia-ia koiperik ere ez. Pasta berdeek B taldeko bitaminak dituzte barazkiak daramatzatelako. Edonola ere, gainerako osagaien araberako balio energetikoa izango dute.
Oso egokia da gutxienez astean behin jatea. Oso gomendagarria da adinekoentzat, haien digestioa eta asimilazioa oso errazak direlako energia gehigarria behar denean, baita kirolarientzat ere, xurgapen geldoko karbohidratoak dituelako eta ia-ia koiperik ez daukalako.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra