Orain, gozatu, baina gero zaindu egin beharra dago
Gabonetako jaietan, elikatzeko ohiturek eta dietek ere eztanda egiten dute. Etenaldia egitea erabakitzen dugulako edo gutiziatxoak nahi ditugulako, gero geure burua zaintzera behartuko gaituen hiru asteko epealdian sartuko gara. Kontuan hartu behar dugu elikagai batzuk, turroia, esaterako, benetako bonba kalorikoak direla: turroi bigunaren edo gogorraren tabletak, azukreetan eta koipeetan proportzio gozoa duenak, 1.000 kaloria inguru ditu. Gainera, azukre gutxiko turroiak ez dabiltza oso urrun.
Neurriz jatea gomendatzen dute beti, baina zer egin jaiak amaitzen direnean tentaldian erori bagara?
- Ur asko edatea: bi litro inguru eguneko. Horrela, hidratatu egingo gara, eta urak gehiago eta eraginkortasun handiagoz argaltzen lagunduko digu.
- Fruitu lehor txigortuak edo naturalak, ez frijituak, erabaki ona dira otordu artean. Otordu artean, ez gozokirik, ez oso erakargarria den elikagairik; esate baterako, “hozkailuan geratzen den txorizo hori”.
- Zerealak: kontuz kopuruarekin, ez jan larregi eta osokoak jan beti.
- Haragi gutxiago, lekale gehiago. Lekaleek proteinak eta zuntz ugari eskaintzen dizkigute, hesteetako lan egokirako beharrezkoa dela kontuan hartuta.
- Haragi gutxiago, arrain gehiago. Bai, benetan, haragi gutxiago jan behar da. Arrainek -zuriek, batez ere- proteina onak dituzte, eta ez dute hainbeste loditzen.
- Fruta: oso egokia otordu artean jateko, azkenburuko moduan baino askoz hobeto. Onena: bi edo hiru ale eguneko.
- Entsaladak. Ezin hobeak dira, baina zentzuz prestatu behar dira. Uhaza edo kimuak, tomatea edo azenarioa badarabiltzagu, bide onetik goaz. Edonola ere, uhaza oinarri moduan badarabilgu eta, gero, gazta, hirugiharra edo ogitxo frijituak eransten badizkiogu, txarto. Beste osagai batzuk, neurriz; esate baterako, olibak edo hegaluzea edo aguakatea.
- Barazkiak. Azkenik aipatuko ditugu, baina lehenengoak izan behar dira. Gordinik edo prestatuta, bazkaritan nahiz afaritan jan behar ditugu. Ase egiten gaituzte, ez dute kaloria asko eta zuntza, mineralak zein bitaminak dituzte.
Nola prestatu?
Plantxa eta lurruna dira garaile, baina labea ere ondo dago. Elikagai osasungarriak eta janaria prestatzeko modu horiek bateratzen baditugu, oso-oso lagungarriak izango dira guretzat, eta, horrez gain, oso gozo geratuko dira elikagaiak. Saltsarik ez. Bestetik, kontuz ordutegiekin: oheratu baino pare bat ordu lehenago afaldu behar da. Gainera, lotara joan baino lehen, armairuan txokolate-barra ezin gozoagoa dugula gogoratzen dugu. Beste ohar garrantzitsu bat: ezetz esaten jakin behar dugu.
© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra