Naldako eta Quelgo arana
Naldako eta Quelgo arana Errioxako ohiko fruta da, eta gozotasuna zein fintasuna ditu ezaugarri bereizgarri. Klaudia Erregina Berdearen barietatekoa da, eta Iregua zein Cidacos ibaietako bailaretan kokatutako hamasei udalerritan landatzen da. Izan ere, oso leku egokiak dira bertako klima mediterraneoa delako; eta lurzorua, lehorrekoa.
Azal berde iluna eta mami hitsagoa ditu, eta urtsua bezain freskagarria da. Mahaiko fruta osasungarria da, eta, horrez gain, konpotak, kontserbak zein marmeladak egiteko ere erabiltzen da.
Aranondoak apirilean loratzen dira, eta fruta bera abuztuan biltzen da eskuz.
Aranak sendoak izan behar dira, eta nolabaiteko haustxo matea eduki behar dute ondo egoteko. Berde badaude, giro-tenperaturan utzi behar dira bete-betean heldu daitezen. Helduta badaude, ordea, hozkailuan gorde ahal izango dira. Bizpahiru egunetan jan beharko dira.
Beti-beti, jan baino lehen garbitu beharko dira, azalarekin jaten direlako.
Fruta honen ekoizleek eta Errioxako gobernuak Naldako eta Quelgo Arana marka kolektiboa sortu zuten, eta fruta freskoa nahiz aranpasa deshidratatuak daude haren babespean. Azken kasu horretan, gainera, prozesu tradizionala darabilte.
Abuztuko lehenengo asteburuan, Aranaren Jaia egiten da Naldako udalerrian, eta era guztietako jarduerak garatzen dira bertan: dastaketak, koktelak, artisau-izozkiak, fruta horren bidez egindako pattarrak nahiz azkenburukoak (erroskila ospetsuak ere bai) eta aranpasak era tradizionalera lehortzeko erakustaldia.
Fruta hau oso onuragarria da osasunerako. Aranek antioxidatzaile eta zuntz ugari dituzte, eta, asegarriak direnez, pisua kontrolatzeko dieta orekatuetan kontuan hartzen dira sarritan.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra