Mizpirak, digestio-laguntzaileak eta arazgarriak
[button url=’http://zainduzaitez.com/los-nisperos-digestivos-y-depurativos/’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
Sasoiko oso fruitu osasungarria da, eta bere zaporea oso bereizgarria, freskagarria, gozoa eta garratz samarra da. Mizpira oso urtsua da, laranja-koloreko azal fina dauka eta mami haragitsua.
Era berean, Japoniako arana ere esaten diote, eta tenperatura leuneko lekuetan landatzen da, udazkenean eta neguan (loratzeko garaian), batez ere. Klima beroa izan behar da, urteko batez besteko tenperatura 15ºC-tik gorakoa izan behar da, haizeak ezin du gogor jo eta gazitasun urriko lurzoruak oso ondo drainatuta egon behar dira. Espainian, fruta honentzako eremu egokiena itsasertz mediterraneoa denez, Alacant da probintzia ekoizle nagusia.
Mizpirondoa udazkenean edo neguaren hasieran loratzen da, eta fruituak apirilean zein maiatzean heltzen dira, mamia irmo dutenean. Fruitu delikatuak direnez, arreta handiz bildu behar dira. Fruta hauskorra denez eta hozketari zein garraioari txarto aurre egiten dienez, nekez zabaldu daiteke.
«Mizpirak digestio-laguntzaileak, diuretikoak eta arazgarriak dira, eta oso gomendagarriak dira kolesterolaren murrizketarako eta hipertentsioa dutenentzat.»
Txinakoa da, eta XVIII. mendean iritsi zen Europara. Hasiera batean, zuhaitz apaingarria zen. XIX. mendean, ordea, bere laborantza zein kontsumoa zabaldu ziren, eta erraz-erraz egokitu zen kostalde mediterraneoetara.
Apiriletik ekainera, udaberri osoan, daude salgai. Oro har, fresko jaten badira ere, beste produktu batzuk egiteko ere erabiltzen dira: marmelada, konfitura, konpota, jeleak, almibarra, gozokiak, izozkiak, gelatinak, zukuak eta hostoreak. Era berean, erregosi edo erreen saltsak egiteko ere erabiltzen da edo entsalada freskagarrirako osagai moduan. Mizpira ondo kontserbatzen da hozkailuan zenbait egunez.
Jateko orduan, oso kontuan hartu beharra dago mizpiraren haziek zenbait substantzia toxiko dituztela eta, horren ondorioz, jan baino lehen kendu behar direla.
Onura elikagarriak
Mizpiraren osagai nagusia ura da; eta, ondoren, azukreak, hau da, fruktosa zein glukosa. Gainera, zuntz ugari ere badauka. Bere kaloria-ekarpena moderatua da. Bestetik, honako hauxe ere badu: A bitamina, antioxidatzaileak eta mineralak; esate baterako, potasioa, magnesioa eta kaltzioa.
Mizpirak digestio-laguntzaileak, diuretikoak eta arazgarriak dira, eta oso gomendagarriak dira kolesterolaren murrizketarako eta hipertentsioa dutenentzat.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra