CASTELLANO

Etxe barruan kokatutako hazitegi txikiak ingurune atsegina eta egokia eskainiko digu ereiten ditugun haziak ernamuindu daitezen. Negua garai egokia da prozesu horretarako, eta, tenperatura epelak heltzen direnean, denbora hori guztia izango dugu irabazita.

Merkatuan, modelo asko daude salgai: zohikatzezkoak, kortxozkoak, plastikozkoak… Horrez gain, etxean sortutako material birziklatuez ere eraiki daitezke; esate baterako, plastikozko edalontzi txikiak, botilen ipurdiak edo arrautza-oskolak. Material horiei zulotxoak egin behar zaizkie, ura drainatu ahal izateko, landareetan beti gertatzen den bezala, urak sustraiak usteldu ditzakeelako. Haziak antolatzeko eta modu eroso zein garbian mugitzeko, poliespanezko erretilua erabili daiteke, eta, bertan, geure ontzi txikiak jarri ahal izango ditugu. Gogoan eduki beharra dago material horiek guztiak behar bezala birziklatu behar direla, haien erabilgarritasun-zikloa amaitutakoan.

Hazitegi-erretilua daukagunean eta zer barazki-hazi ereingo dugun aukeratu dugunean, hazitegirako substratu egokiaz bete beharko genituzke ontziak. Honako hauexek osagai dituen konposizioa da ona: zohikatzak, harea, litonita eta ongarria. Nahasketa horiei esker, ura behar bezala drainatzen da, eta, aldi berean, bermatu egiten da beharrezkoak diren elikagarriak zein ura apurka-apurka askatzen direla, sustraiak aktibatzeko. Substratua loreontzi txikietan banatu eta trinkotu egin behar da.

Hazien kopurua landare bakoitzaren araberakoa izango da. Laborantza batzuetan, bi hazi jartzen dira, eta, biak ernamuintzen badira, haietako bat kentzen da. Beste batzuetan, ordea, hazi gehiago ereiten dira, eta ernamuintzean banatzen dira landatu baino lehen. Haziak landatutakoan, zipriztingailuaz ureztatuko ditugu. Urak erabat busti beharko du substratua. Loreontziak kontrolatu beharko dira, lehortu ez daitezen.

Hazitegiak argi asko eduki beharko du, eta, oraindik hotz egiten duenean kanpoan jartzen badugu, egokia da argiari sartzen uzten dion estalkia edo negutegi txikia erabiltzea hotza ekiditeko. Landareak birlandatzeko prest daudenean, arretaz atera beharko dira sustraiei kalterik ez egiteko.

 

© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra

(Visited 50 times, 1 visits today)