CASTELLANO

Azken urteotan, hipermerkatu eta supermerkatuetan haztegiko gero eta arrain gehiago daudenez, Espainiako kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin dira. Apurka-apurka, kontsumitzaileek “artifizialtzat” jotzen zuten produktu horren inguruko aurreiritziak eta errezeloak gainditzen ari dira.
Betiko arrantza-lekuak agortu egin direnez eta elikagai horren eskaera gero eta handiagoa denez, haztegiko arrainen eskariak gora egin du, eta historia luzea ere badu zenbait herrialdetan. FAOren arabera (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea), garrantzi ekonomikoa duten arrainen munduko erreserben %70 agortuta daude arrantza industrialaren ondorioz, oso suntsigarriak diren metodoen bidez harrapatutako espezieen kopuru murriztuan oinarritzen da-eta. Akuikulturari dagokionez, 2030. urterako aurreikuspenen arabera, kontsumitutako arrainen bi heren “haztegietakoak” izango dira.
Espezieak eremu mugatura egokitu ahal izateko, hamar urte inguruko ikerketa egin beharra dago ugaldu egin daitezen. Orain dela gutxi, aurrerapauso handiak eman dira arrainkumeak elikatzeko pentsuen ekoizpenean eta mikroklimen sorreran. Arrain horiek, hain zuzen ere, eremu zedarrituetan hazten dira harik eta giza kontsumorako adin egokia eduki arte, eta beti-beti kontrol zorrotzak egiten zaizkie.

«Akuikulturako teknika modernoei esker, ekoizpena areagotu denez, kontsumitzaileentzako prezio merkeagoak lortu dira.»

Espezieak hautatzeko orduan, itxitako hazkuntzara ondoen egokitzen ziren arrainak bilatu ziren hasiera batean, baita ezagunenak ere. Espezie “errazenak” lortu ondoren (lupiak, izokinak, urraburuak, erreboiloak…), orain zailagoak erdietsi behar dira; esate baterako, meroa, legatza edo atun gorria.
Akuikulturako teknika modernoei esker, ekoizpena areagotu denez, kontsumitzaileentzako prezio merkeagoak lortu dira. Horrez gain, urte osoan aurkitu daitezke merkatuan fenomeno naturalen gorabeheren eraginpean ez daudelako. Hori dela eta, haien prezioari ere eutsi ahal izan zaio.
Dena dela, zer alde daude “haztegiko” arrainen eta arrain basatien artean?
“Haztegietako” arrainek kontrol elikagarri eta sanitario handiagoa daukate (janari-kopuru zehatza jaten dute, eta antibiotikoak erabiltzen dira izurriterik eta gaixotasunik egon ez dadin). Itsasoko arrainek aurkitzen dutena jaten dutenez, gaixotasunak edukitzeko arrisku handiagoa daukate.

“Betiko edo erauzketako arrantzako arrain basatia zapore handiagokoa da, eta testura hobea dauka”.

Proteinen, koipeen, bitaminen eta mineralen ehunekoei dagokienez, ez dago haien arteko alderik. Akuikulturako arrainek osasunerako hain onuragarriak diren Omega 3 azidoen ezaugarri elikagarriei ere eusten diete. Beraz, gutxiago mugitzen direnez, haztegiko arrainak koipetsuagoak direla baino ezin da esan.
Edonola ere, betiko edo erauzketako arrantzako arrain basatia zapore handiagokoa da, eta testura hobea dauka. Era berean, nabarmendu ere egin beharra dago jende gehienak ez duela alderik nabaritzen, baina, batez ere, ondo prestatuta badago.
Azkenik, azpimarratu egin behar da hazkuntza ekologikoaren etiketa agertu dela merkatuan, hazkuntza hori ingurumenerako hain kaltegarria ez dela adierazteko. Gainera, ekoizpen jasangarriak ere kontuan hartzen dira bertan. Prezioa garestitxoagoa bada ere, bermatu egiten da baldintza jasangarriagoetan hazi dela arraina, bere janaria eta ingurunea nolakoak diren kontuan hartuta.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 410 times, 1 visits today)