Gure kostaldeetako altxorra
Gozo-gozoak eta elikagarrien iturria dira, eta, horrez gain, haien harrapaketak gero eta kirol-arrantzale gehiago erakartzen ditu Hondarribiatik Bermeora, ugari-ugariak direlako euskal itsasertzean. Txipiroiez ari gara; loligo vulgaris, latinez.
Begi handiak dituzte oso argitasun urriko baldintzetan ikusi ahal izateko, eta hamar garroak, haietako bi luze-luzeak, harrapakinak harrapatzeko erabiltzen dituzte. Haien ahoak moko-forma duenez, harrapakinen oskola zeharkatu dezakete. Tinta ere jaurti dezakete erasoetatik babesteko, eta, kamuflatzeko gaitasun zoragarria dutenez, erasorako zein defentsarako armategi ahaltsu osoa dute. Txipiak naturako miraria dira.
Oro har, 50 zentimetroko luzera eta 2 kilogramo inguruko pisua dute gehienez, nahiz eta orain dela urte batzuk Lekeition 4,5 metroko eta 80 kiloko alea harrapatu zuten. Architeutis generokoa edo txipiroi erraldoia zen, hain zuzen ere. Hegalek mantuaren 2/3 hartzen dute. Proteina, bitamina eta mineral asko dituzte, baita kobre ugari ere.
Gastronomiari begira, oro har izoztuta erosten diren txipiroiek ez dute inolako zerikusirik euskal kostaldeetan harrapatzen direnekin. Azken horiek usain bizia eta testura ezin finagoa dute. Gainera, artisauen erara, banan-banan, harrapatzen dira; eta, sasoi batzuetan, argi artifizialaren laguntzaz. Euskadin, Espainian fresko jaten diren txipiroien %20 harrapatzen dira.
Euren tintan egindako txipiroiak Euskadin txipiroiak prestatzeko erabiltzen den modu ohikoena da beharbada. Kolore beltz-beltza duenez, bitxia izan daiteke ezagutzen ez dutenentzat, baina euskal etxeetan eta jatetxeetan ondratutako klasikoa dira.
© Zainduzaitez, Bilbao 2021. Lege-oharra