Esnea, proteinen eta bitaminen iturri
“Esnea ez da ezinbestekoa helduentzat, baina kalitate handiko proteinen, A zein D bitaminen, funtsezko gantz-azidoen eta, batez ere, kaltzioaren iturria da”, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteko bozeramailea den Francisco Botella doktorearen esanetan.
Elikagai hau dieta orekatu bezain osasungarriaren osagaia da, proteinen, bitaminen eta mineralen iturria delako. Esne-behia mundu zabaleko kontsumituena da. Animaliaren ugatz-guruinetatik jezten da eskuz edo modu mekanikoan, baina, horretarako, kumea eduki behar izan du behiak.
Esnearen kontsumoa XVIII. eta XIX. mendeetan hedatu zen, baina, batez ere, Europako iparraldean. Hiriak garatu zirenean, esnearen merkaturaketa sustatu zen, baina, oso produktu galkorra zenez, kontserbatzeko arazo handiak zeuden. XIX. mendeko bigarren zatian pasteurizatzeko prozesua aurkitu zenez, agente patogenoak murriztu eta kontsumo seguruagoa bermatu ahal izan zen.
Esne-motak
Haien osagai elikagarrien arabera:
- Esne osoa
Bere koipe-edukia %3,5-%5ekoa da behiaren arrazaren arabera, eta balio biologiko handiko proteinak zein mineralak ditu.
- Esne erdigaingabetua
Bere koipe-edukia %1,5ekoa denez, balio energetiko txikiagoa dauka, baina zapore bikainari eusten dio.
- Esne gaingabetua
%0,1 duenez, egokiena da dieta egiteko edo kolesterol-maila kontrolatzeko.
Higienizaziorako erabilitako metodoen arabera:
- Esne freskoa
Modu leunean pasteurizatzen da, 79ºC-ko tratamendu termikoa ezartzen zaiolako 17 segundoz. Oso garrantzitsua da hotz-katea ez apurtzea eta 6ºC-tik beherakoa ez den tenperaturan egotea. 7-10 egunetan eduki daiteke hozkailuan, eta plastikozko poltsetan edo tetrabriketan dago salgai. Oso egokia da adinekoentzat eta hazteko adinean dauden umeentzat, ezaugarri natural guztiei eusten dielako eta zapore gehiago daukalako.
- UHT edo esne uperizatua
UHT tratamendua oldarkorragoa da, 150ºC-ko tenperaturan irakiten delako zenbait segundotan. Salduena da. Hiru hilabeteko epemuga daukan arren, elikagarriak eta zaporea galtzen ditu. Tetrabriketan dago salgai. Gutxi gorabehera, hiru hilabetez eduki daiteke giro-tenperaturan.
- Esterilizatua
Esterilizatzeko prozesua oldarkorrena da, 110ºC-ko tenperaturan irakiten delako 40 minutuz. Dena dela, badu abantailarik, 6 hilabeteko epemuga daukalako, bitamina gutxiago eduki arren.
Hona hemen zenbait gomendio, behar bezala kontserbatzeko eta ezaugarririk ez galtzeko:
- Mailatuta dauden plastikozko botilak eta tetrabrikak ez erostea, hausturen eta kontserbazio desegokiaren adierazgarri izan daitezke-eta.
- Ontziak itxita edukitzea, esneak beste elikagai batzuen usaina hartu ez dezan.
- Esnea bera jatorrizko ontzian uztea, babestuago egon dadin.
- Ontzia irekitakoan, hozkailuan gordetzea.
- Ontziak erositako hurrenkeran irekitzea.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra