Bruselazak
Bruselazak edo buru-azatxoak tamaina txikiko aza-barietatea dira, eta eskualde epel edo hotzetan hazten dira. Neguko landare honek 30-70 zentimetrokoa altuera dauka, eta udaren amaieratik udaberriaren hasierara arte ereiten da barietatearen arabera: goiztiarrak (erein ostean 150 egun igaro baino lehen), ertainak (150-180 egun) eta berantiarrak (180 egun baino gehiago). Barietateak tamainaren, zaporearen eta kolorearen arabera ere sailkatzen dira.
Bruselazak landareko mordoetan eratzen diren begiak dira, hau da, 2-5 cm-ko diametrodun hosto lisoak dituzten buru-azatxo obalatu berdeak.
Oso barazki ospetsua da Herbehereetako hegoaldean, eta, seguruenik, bertatik datorkio izena. Bere ereintza XIX. mendean hedatu zen, oso ondo egokitzen delako hotzera. Bere kontsumoa, ordea, Bigarren Mundu Gerran orokortu zen Europan.
Egosi, lurrunetan prestatu edo frijitu egin daitezke. Lurrunak hobeto kontserbatzen ditu ezaugarri elikagarriak, egosten direnean zapore mingots hori murrizten den arren. Aberastu nahi izanez gero, plantxan eman ahal diegu pasadatxoa edo salteatu ere egin ditzakegu.
Aldi berean oso-osorik egiteko eta testura uniforme bezain kurruskaria lortzeko, egosi baino lehen gurutze edo X bat egiten da kimuaren beheko aldean.
Mingotsa izatean eta nolabaiteko ukitu gozoa edukitzean, bere zaporea bizi-bizia denez, oso ondo doa haragiekin, hestebeteekin, saltxitxekin, urdaiazpiko-zatitxoekin… Gainera, hornigai paregabea da, eta entsaladan ere bada ezin hobea.
Bere itxuragatik eta zapore gozoagatik, oso erraza sartzen dira umeen menuan.
Erosteko orduan, buru-aza berde biziak, trinkoak, biribilak, estutuak eta astunak aukeratu behar dira.
Hozkailuan garbitu gabe eta plastikozko poltsa zulatuan gordez gero, astebete diraute. Era berean, izoztu ere egin daitezke, baina, horretarako 3-5 minutuz egin behar dira ur irakinetan. Urtebete ere utzi ahal izango ditugu izozkailuan.
Ezaugarri elikagarriak
Zuntz ugariko elikagaia denez, asetasun-sentsazioa eta heste-igarotzea areagotzen ditu. Era berean, C bitamina, B taldeko bitamina eta A probitamina asko ere baditu. Horrez gain, azido folikoa, potasioa, fosforoa nahiz iodoa ere badauzka; eta, neurri txikiagoan, zinka, sodioa, kaltzioa zein magnesioa.
Oso egokia da immunitate-sistema ondo artatzeko, neke fisiko zein mentala hobetzeko eta burdin eskasiagatiko anemiari aurre egiteko, C bitamina eta burdin minerala dituelako. Ez da gomendagarria digestioko arazoak dituztenentzat.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra