Gipuzkoako Orioko udalerrian, Bisigu Festaren zortzigarren edizioa egin da aurton. Bisigua «Orioko erara» jaialdi gastronomikoan, lehen aldiz Bisiguaren Laguna aitorpenak eman zaizkie udalerriko biztanle bati eta kanpoko beste bati.
Uztailaren 16an, osteguna, festaren lehenengo egunean, pintxo bereziak eskaini ziren udalerriko tabernetan. Ekitaldiak lau egun iraun zuen, ostegunetik igandera, eta 500 bisigu dastatu ahal izan ziren mila inguru lagunentzat prestatutako bost herri-bazkarietan. Horretarako, zortzi inguru metroko luzerako parrilla erraldoia jarri zuten udalerriko plazan, eta, bertan txingarretan erre zuten arraina. Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola sukaldariak arraina prestatu zuten parrillako maisuak izan ziren. Bisigua ez ezik, antxoa gazituak, tomate-entsalada hegaluzearekin, zainzuriak eta postrea ere zerbitzatu ziren. Menu hori dastatzeko, mila tiket jarri zituzten salgai Orioko Turismo Bulegoan.
Bisigu Festa “Euskadiko Arrantza Azokak” markapean elkartutako Euskadiko arrantza-azoken barruan dago kokatuta, eta ekimenak produktu bakar batean bateratu nahi ditu Euskadiko arrantza-sektorea eta gastronomia sustatzeko egindako ahalegin guztiak. Horrez gain, Orioko arrantzako jarduera zein ondarea eta tokiko gastronomian daukan garrantzia igortzea ere bada Bisigu Festaren helburua.
 
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra

(Visited 60 times, 1 visits today)