CASTELLANO

Oliotako antxoak gatzetan ondutako artisau-erdikontserba da, eta zapore bizi-bizia dauka, baita testura trinkoa ere. Kantauri itsasokoak oso egokiak dira usain gogorra eta haragi urtsua dituztelako.
Eskuz egindako artisau-prozesuaren bidez egiten dira. Lehenengo eta behin, zatitu eta garbitu egiten dira, eta, gero, hautatutako olioa eta gatz apur bat eransten zaizkie. Sukaldaritzako lehen mailako kalitateko produktua da, antzinako tekniken bidez prestatzen da eta, horri esker, badago arrain ezin gozoago hau itsasotik atera berritan jaterik.
Orain dela 100 urte baino gehiago sortu zen artisau italiarren, “salatorien” eskutik. Kantauri itsasoan, bazterreko arraintzat hartutako antxoa onenak aurkitu zituzten, eta gazitzeko eta kontserbatzeko teknika modernoak ezarri zituzten. Bermeon, Ondarroan, Mutrikun edo Santoñan kokatutako kontserba-enpresa sortu berrietan prestatzen zuten antxoa-harrapaketa kontratatu eta Italiako merkatura bidaltzen zuten.

«Oliotako antxoek omega-3 asko duten arren, lantzean behin baino ez dira jan behar gatz ugari dutelako.»

Antxoak Bizkaiko Golkoan harrapatzen dira apiriletik aurrera, kalitate handiagokoak direlako. Burua kendu eta garbitu egiten dira, tamainaren arabera sailkatzen dira eta geruzatan kokatzen dira, geruza bat gatz eta geruza bat arrain tartekatuta. 6-8 hilabetez, bere horretan uzten dira, ura zein koipea galtzeko, gatza xurgatzeko eta kolore, usain zein zapore bereizgarriak hartzeko.
Epealdi hori igarotakoan, atera egiten dira, ondo-ondo garbitzen dira urez, azala zein bizkar-hezurra kentzen zaizkie eta xerrak erabat garbi geratzen dira. Azkenik, usainik eta zaporerik ez daukan oliba-olio garden bezain finduz betetako ontzietan sartzen dira, antxoak oxidatu ez daitezen.
Oliotako antxoetan, olioaren, gatzaren eta arrainaren usainak eta zaporeak ezin hobeto orekatuta daude. Zizka-mizketan, entsaladetan, saltsetan eta ogitarteko txikitxoetan erabiltzen dira. Oliba-oliotako erdikontserba hau hotzetan gorde beharra dago (5º C).
Omega-3 asko duten arren, lantzean behin baino ez dira jan behar gatz ugari dutelako.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 126 times, 1 visits today)