Kantabriako Santoñako Antxoa Azoka
[button url=’http://zainduzaitez.com/feria-de-la-anchoa-de-santona-cantabria/’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
Apirilaren 28tik maiatzaren 1era, Antxoa eta Kontserba Azoka egingo da Kantabriako Santoñako kostaldeko udalerrian. Hain zuzen ere, tokiko enpresek arrain horren bidez egindako produktu paregabeen erakusleihoa izango da. Aurton, urteko azoka ospetsu horren hamazazpigarren edizioa egingo da, gainera.
Antxoa arrain urdina da, 10-20 zentimetro ditu gutxi gorabehera eta Kantauri itsasoan harrapatzen da. Itsaso horretako oxigeno-maila handia denez eta bertako ura hotza denez, arrain horrek badu bere haragia leun, bigun eta urtsu bihurtzen duen koipe-geruza garatzerik.
«Kantauri itsasoko oxigeno-maila handia denez eta bertako ura hotza denez, arrain horrek badu bere haragia leun, bigun eta urtsu bihurtzen duen koipe-geruza garatzerik.»
Santoñako antxoak arrantza-teknika jasangarrien bidez harrapatzen dira udaberriko hilabeteetan, bokartak edo antxoak urtaro horretan daukan koipe-balantze hobearen ondorioz oso egokia delako kontserbarako.
Antxoak harrapatutakoan, garbitu eta gatz-kupeletan sartzen dira gatz eta antxoa geruzak tartekatuta, apurka-apurka deshidratatu daitezen. Gazitzeko prozesu horrek sei hilabete dirau, gutxienez. Ostean, xerratu, bizkarrezurra kendu, xerrak banatu eta hezurrak garbitzen dira, oliotan ontziratzeko prest uzteko. Santoñako udalerrian, antxoak gazitzeko teknikako maisu onenetakoak daude. Ekoizleek eta kontserbagileek tradizioa eta etorkizuna uztartzen dituzte, arrain hori lehengai onenen bitartez artisauen erara kontserbatzeko.
Antzinarotik, gazitzeko teknikak tradizio handia dauka Mediterraneoan. XIX. mendearen amaieran, arrain horren kontsumitzaile handiak diren italiarrek ekarri zuten Kantauriko kostaldera. Ordura arte, antxoa ez zen oso preziatua, eta oso-oso gutxi harrapatzen zuten. Gainera, harrapatuz gero, bisigutarako beita moduan erabiltzen zuten. Horrela, kontserbagintza garatzen hasi zen Kantauri itsasoan, eta zenbait portutan ezarri zen; esate baterako, Santoñan, Getarian, Bermeon edo Castro Urdialesen.
Santoñako azokan, antxoa-xerraren ezaugarriak jartzen dira erakusgai ekoizleek eta kontserbagileek eskainitako aukera ugarien bidez. 1999. urteaz geroztik, ekitaldi hori eztabaida-foroa da, eta kontserbagintzarekin lotutako enpresak, erakundeak eta instituzioak elkartzen dira bertan.
Urtero, udalerri horretako Antxoa Azokak eduki gehiago eskaintzen dituenez, gero eta bisitari gehiago ditu, “antxoa-xerraren” bikaintasunen eta xarmen erakusleiho aparta da-eta. Antxoa-arloko ekoizleen eta kontserbagileen elkargune horretan, bisitari guztiei zenbait jardueraren bidez eskaintzen dizkiete produktuak. Era berean, produktuak erakusteko eta saltzeko aukera ere badago bertan. Besteak beste, honako jarduera hauek garatzen dira bertan: antxoa artisauen erara prestatzeko tailerrak, dastapenak, sukaldaritzako erakustaldiak, hitzaldiak, ekitaldi kulturalak…
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago. © Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra