CASTELLANO

Martxoaren 14an izango den Bihotz Hodietako Arriskuaren Prebentziorako Egun Europarrak biztanleak horrelako patologien inguruan sentsibilizatzea dauka helburu nagusi.
Oro har 5-10 urteko epealdian jendeak bihotzeko edo burmuineko hodietako gaixotasuna jasateko daukan aukera da bihotz-hodietako arriskua.
Arrisku hori, hain zuzen ere, aldatu ezin diren faktoreen eta aldatu daitezkeen faktoreen emaitza da. Lehenengoen artean, adina (45 urtetik gorako gizonak eta 55 urtetik gorako emakumeak) eta familiako aurrekariak nabarmendu behar dira. Aldatu daitezkeen faktoreen artean, ordea, honako hauexek azpimarratu behar dira: hipertentsio arteriala, diabetea, tabakismoa, kolesterol handia, loditasuna eta egoneko bizitza.

«Dieta ugaria bezain orekatua funtsezkoa da bihotzaren osasunerako, baita hidratazio ona ere.»

Beraz, oso garrantzitsua da ohitura osasungarriak edukitzea bihotz-hodietako arriskua murriztu ahal izateko: dieta osasungarria edukitzea; ohiko ariketa fisikoa egitea; estresa kontrolatzen ikastea; tabakorik ez erretzea; tentsio arteriala, odoleko azukre-maila eta kolesterola kontrolatzea.
Inolako zalantzarik gabe, dieta ugaria bezain orekatua funtsezkoa da bihotzaren osasunerako, baita hidratazio ona ere.
Gomendioak

  • Lehenengo eta behin, elikadurako eduki kalorikoa egokitu behar da norberaren premia berezien arabera (adina, jarduera fisikoa edo egoneko bizitza-maila kontuan hartuta).
  • Beti-beti, kontserbei edo aurretiaz prestatutako janariari barik produktu freskoei eman behar zaie lehentasuna.
  • Dietaren oinarria barazki freskoak, fruta, lekaleak eta zerealak izan behar dira.
  • Animalia-jatorriko proteinen kontsumoa mugatua izan behar da, gantz aseak murriztu ahal izateko.
  • Astean bitan jan behar da arraina.
  • Dietan bertan, oso garrantzitsua da zuntza eta esneki gaingabetuak jatea.
  • Astean, 2-3 arrautza baino ez dira jan behar, eta oliba-olioa erabili behar da.
  • “Janari zaborra” eta frijituak alde batera utzi eta sukaldaritzako teknika osasungarriak erabili behar dira; esate baterako, lurruna, egosketa, labea, plantxa…
  • Gatza, azukrea eta edari estimulagarriak (tea, kafea…) kontrolpean kontsumitu behar dira, eta, alkoholaren kontsumoa ere moderatua izan behar da, hau da, eguneko 30 gramo gehienez ere (bi edalontzi ardo edo litro laurdeneko hiru botila txiki garagardo).

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 96 times, 1 visits today)