Udaberrirako azkenburuko osasungarriak 2
CASTELLANO
Udaberriak kolorea, freskotasuna eta era guztietako fruta gozo-gozoak ekartzen jarraitzen duenez, errezeta osasungarriak arakatzeko aukera eman digu berriro. Bigarren kapitulu honetan, ideia berriak proposatuko dizkizugu, zaporez eta testuraz betetako konbinazioen bitartez urte-sasoi honi onura ateratzeko.
Hainbat eratako fruta freskoak iritsi dira; esate baterako, marrubiak, gereziak, abrikotak, mertxikak eta laranjak. Une egokiena da, zaporez betetako azkenburuko arin elikagarriak arakatzen jarraitzeko. Hona hemen hiru errezeta, frutak eta osagai naturalak nahasteko; esate baterako, haziak, fruitu lehorrak eta krema begetalak. Ezin hobeak dira ausikirik gabe gozatzeko!
Olozko tartaletak anakardoen kremarekin eta frutekin
Dotoreak, osasungarriak eta findutako irinik gabeak. Tartaleta hauek aukera hobezina dira, orekari uko egin gabe azkenburuko gozo-gozoaren bila bazabiltza. Digestioan laguntzen duen eta asetasunari eusten dion oloaren zuntza bateratzen du koko-olioaren leuntasunarekin eta proteina zein koipe osasungarri ugari dituzten anakardoen elikagarriekin. Fruta freskoei esker, bitaminak, antioxidatzaileak eta kolorea eransten direnez, aukera gozo-gozoa eta orekatua dira.
* 1 katilu olo-maluta
* 1/2 katilu hezurrik gabeko datil
* 2 koilarakada koko-olio
Osagai guztiak birrindu ore likatsua lortu arte. Nahasketa zanpatu tartaletetarako molde txikietan eta 10 minutuz laberatu 180 ºC-ra.
Betegarrirako:
* 1 katilu anakardo beratu (4 orduz gutxienez)
* Limoi erdiaren zukua
* 1/2 katilu edari begetal (arbendola, oloa edo kokoa)
* Banilla naturalaren tanta batzuk
Den-dena irabiatu krema leun eta homogeneoa lortu arte. Krema hori erabili tartaletak betetzeko eta fruta freskoaren bidez apaindu; esate baterako, mugurdiak, kiwia, mangoa edo pikuak. Ezin gozoago ez ezik, ikusgarri ere geratuko dira!
Chia-budina esne begetalarekin eta fruitu gorriekin
Arina, asegarria eta omega-3z betea. Azkenburuko hau erraza bezain elikagarria da. Esne begetal suabea eta antioxidatzailez betetako fruitu gorriak daramatza. Testura krematsua eta zapore freskoa dituenez, aukera arin zein elikagarria da. Ezin hobea da gosari, askari edo azkenburukoetarako.
Hauxe beharko duzu:
* 3 koilarakada chia-hazi
* 1 katilu esne begetal (kokoa, arbendola, oloa…)
* Nahierako frutak (marrubiak, ahabiak, mugurdiak…)
Ontzi batean, chia-haziak nahastu esne begetalarekin eta gutxienez 4 orduz beratzen utzi hozkailuan (gau osoan uztea da onena). Haziek likidoa xurgatuko dute, eta budinaren antzeko testura eratuko da. Edalontzi edo kaikuetan zerbitzatu, fruta freskoa erantsi gainean eta, nahi izanez gero, koilarakada bat konpota natural ere gehitu. Ezin hobea da gosari edo askarietarako.
Fruten entsalada gozoa ukitu zitrikoarekin eta mendarekin
Batzuetan, errazena da gozoena. Entsalada fresko honek ukitu berezia daukanez, eutsiezina da. C bitamina, antioxidatzaile eta zuntz ugari dituenez, immunitate-sistema indartzen laguntzen du, digestioa hobetzen du eta, fruta freskoei zein ukitu zitrikoari esker, hidratatu egiten du.
Honako hauxe nahastu:
* Fruta freskoak kubotxoetan (laranja, baratze-marrubia, sagarra, meloia, mangoa…)
* Lima-zukua eta txikitutako menda-hosto batzuk, usain freskodun gozagarri moduan
* Aukeran: birrindutako jengibrearen ukitu bat edo ezti-zurrustatxo arina
Sofistikatuagoa den zerbaiten bila bazabiltza, granada-haziak edo zatitutako pistatxoak bota gainetik, testura eta zaporea areagotzeko. Hotz-hotz zerbitzatu, ahalik eta gehien gozatzeko.
© Zainduzaitez, GB Corporación 2025. Lege-oharra