Nola lortu umeek barazki gehiago jatea
Sarritan, umeek barazkirik jan nahi ez badute ere, irmoak izan beharko gara, harik eta euren dastamen-papilak ohitu arte (zenbait azterketen arabera, 6 eta 8 urte artean gertatzen da hori).
Barazkiak dieta osasungarri bezain orekatuaren osagaiak dira. Horrez gain, oso lagungarriak dira zenbait gaixotasun prebenitzeko orduan, eta hazkuntza egokirako funtsezkoak diren bitamina, mineral antioxidatzaile eta zuntz ugari ere eskaintzen dizkigute.
Hainbat azterlanen arabera, haurtzaroa oinarrizko epealdia da elikadurako ohitura osasungarriak geureganatzeko. Hori dela eta, umeei ahalik eta dieta osoena eskaini beharko diegu lehen urteetatik, eta, bertan, ezinbesteko osagaia izango dira barazkiak.
Oso egokia da egunero-egunero dietan barazkiak plater, hornigai, pure… moduan egotea.
Hasieran barazkirik jan nahi ez badute, bi metodo jarri ahal izango ditugu abian: batetik, platerak modu erakargarrian aurkeztuko dizkiegu bistatik sartu dakizkien; eta, bestetik, barazkiak sartuko dizkiegu euren gustu-gustuko plateretan (saltsak, tortillak, kroketak, pureak…). Hartara, konturatu gabe jango dituzte barazkiak.
Oso gomendagarria ere bada itxura atsegina izatea, platera jangarriagoa izan dadin eta bistatik sartu dakien. Horretarako, testurekin eta koloreekin jokatu ahal izango dugu, baina, batez ere, umeei eman nahi dizkiegunean. Nagusiagoak direnean, ordea, oso teknika ona da oso gustuko ez dituzten platerak (barazkiak dituztenak) euren gustukoekin nahastea. Azken batean, berdintasunezkoagoa den janaria egitea izango da helburua.
Edonola ere, ez dugu opariaren teknika erabiliko, trukean ezer eskatu gabe bereganatu beharko dituztelako ohitura osasungarriak. Gainera, hobe da trukean izozkirik, tartarik, flanik eta karamelurik ez eskaintzea, koipe eta azukre asko dituzte-eta.