[button url=’http://wp.me/p4op7e-Fg’ icon=’entypo-doc-text-inv’]Castellano[/button]
Udaberriaren hasieran, Nafarroako Erriberako zainzuriak biltzen hasten dira, eta inguru emankor horretako produktu adierazgarrienetakoa dela esan beharra dago. Beti-beti, zainzuriaren uzta denboraldiko lehena da Ebroko Erriberako baratzeetan.
Nafarroako zainzuriak jatorri-deitura du, eta bere logoa edo ikurra ontzi, lata edo beirazko potoetako etiketetan agertzen da beti. Nafarroako Erribera ez ezik, Aragoiko eta Errioxako zenbait gune ere badaude deitura horren barruan.
Aurton, San Adriango udalerrian dastatu da Nafarroako lehen zainzuria, eta, horren ostean, nekazaritzako nahiz kontserbagintzako kanpaina jarri da abian. Dastapen-ekitaldia Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestua Arautzeko Kontseiluak bultzatu du, eta orain dela bost urte hasi zen egiten tokiko produktu zoragarria sustatzeko asmoz.
Zainzuri zuria lurpean hazten da, eta ezin du eguzki-argirik jaso, azaleratu bezain laster zainzuri-punta berde jartzen delako. Horrela, bada, eguzki-argiak ezin izango du inolako eraginik izan produktuaren kolorean, biguntasunean eta urtsutasunean. Beraz, eskuz bildu beharra dago. Hain zuzen ere, arreta handiz ateratzeko, ildoan bertan zuloa egin behar denez, bere prezioa garestitu egiten da.
Zainzuria otsailean ereiten da, eta, urtebete geroago, fruitua biltzen da, kontserbarako edo fresko saltzeko. Barazki honen testura leuna denez, ez du ez haririk ez zuntzik. Tamainaren arabera, kalibreka sailkatuko da.
Martxotik ekainera, fresko aurkituko dugu; eta, urte osoan, kontserban. Kontserban kontsumitzea izango da ohikoena, eta hobe da giro-tenperaturan jatea, hozkailuan ez sartzea, alegia.
Gastronomiako ospe handia ez ezik, ezaugarri terapeutikoak ere baditu. Kaloria gutxi eta zuntz asko dituela kontuan hartuta, diuretiko bikaina eta nerbioetarako lasaigarri ona da zainzuria.
Era berean, mineral asko ere baditu (potasioa, fosforoa, kaltzioa eta magnesioa), baita bitaminak, azido folikoa eta landare-proteinak ere.
 
 
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra

(Visited 171 times, 1 visits today)