CASTELLANO

 

Zeure platerean jartzea aukeratzen duzunak zure ongizatean dauka eragina, baina seme-alabek jarauntsiko duten munduan ere bai. Hori dela eta, gaur, gero eta oihartzun handiagoa duen zerbaiti buruz hitz egin nahi dizugu: dieta jasangarria.

 

Honelako elikadura ez da moda edo ideia korapilotsua, zeure burua, zeure familia eta planeta zaintzeko modu erraz bezain errealista baizik. Hala ere, honako hauxe da onena: ez duzu gehiago gastatu behar, eta ez zara nutrizioaren arloko aditua izan behar.

Harvardeko Unibertsitateak funtsezko hiru ideiaren bidez azaldu du zer den dieta jasangarria:

  • Ingurumenaren gaineko eragin murriztua: ekoiztean gutxiago kutsatzen duten eta baliabide naturalak babesten dituzten elikagaietan dago oinarrituta.
  • Elikagaien segurtasuna: lagungarria da, orain eta etorkizunean guztiontzako janari nahikoa egon dadin.
  • Osasunaren sustapena: elikadura orekatua edukitzen eta gaixotasunak prebenitzen laguntzen du.

 

Laburbilduta: ondo jan beharra dago, hobeto sentitzeko eta, aldi berean, planeta zaintzeko. Nola lortzen da hori, ordea? Zeure egunez egunekoan egindako keinu txikien bidez.

 

Barazki gehiago, haragi gutxiago

Frutak, barazkiak, lekaleak eta osoko zerealak zure elikaduraren xede nagusi izan behar dira. Ez da haragia utzi behar, baina gutxiagotan jan beharra dago, gorria, batez ere. Elikagai begetalak jasangarriagoak dira, baita osasungarriagoak ere.

 

Ez alferrik galdu elikagairik

Janaria botatzen duzu etxean? Lasai, ez zara bakarra. Dena dela, apur bat antolatuz gero, ekidin egin ahal izango duzu: zeure menuen plangintza egin, benetan behar duzuna erosi eta bigarren bizitza eman hondakinei (tortillak, kremak, salteatuak…). Zure poltsikoak eta planetak eskertu egingo dizute.

 

Tokian tokikoa eta urte-sasoikoa aukeratu

Urte-sasoiko frutek nahiz barazkiek zapore hobea daukate, eta merkeagoak dira. Era berean, garraio eta bilgarri gutxiago ere behar dituzte. Tokian tokiko merkatuetan edo hurbileko ekoizleei erostea kontzienteagoa den elikadurarantz emandako aurrerapausoa da.

 

Ontzi gutxiago, naturalago

Solteko produktuak aukeratzen dituzunean, zeure poltsa daramazunean edo plastiko gutxiagoko elikagaiak erosten dituzunean, zeure aztarna ekologikoa murrizten ari zara. Ia-ia konturatu gabe, gainera.

 

Zergatik da garrantzitsua?

Jaten duzunak zure osasuna eratzen duelako, baina, aldi berean, kliman, biodibertsitatean, uraren erabileran… ere baduelako eraginik, baita zure seme-alabek eta haien seme-alabek bizileku izango duten mundu-motan ere.

 

Bazenekien dieta begetalagoak %30eraino murriztu dezakeela gaixotasun kronikoen arriskua? Horrez gain, bazenekien munduan ekoitzitako elikagaien ia-ia herenak alferrik galtzen direla?

 

Erabaki txikiek ondorio handiak dituzte. Hori dela eta, tokian tokiko nahiz urte-sasoiko produktuen bidez prestatutako plater naturalagoa, hain prozesatuta ez dagoena, aukeratzen duzunean, aurrerapausoa ematen ari zara osasungarriagoa eta bidezkoagoa den etorkizunerantz.

 

Labur-labur esanda, dieta jasangarriak zu zaintzen zaitu, baita zure familia ere. Ona da zure ekonomiarako, eta planeta babesten laguntzen du. Gogoan izan: ondo jatea geure seme-alabei utzi nahi diegun mundua maitatzeko modua ere bada.

 

© Zainduzaitez, GB Corporación 2025. Lege-oharra

(Visited 14 times, 1 visits today)