Adinekoen Nazioarteko Eguna
Aurtengo ekitaldiaren “Etorkizunean sartzen: adinekoen talentuei, ekarpenei eta partaidetzari onura ateratzen” lelopean, biztanle-sektore handi horri buruz dauden ideia faltsuak eta estereotipoak aldatzea da helburua.
Adinekoek euren familian eta, oro har, gizartean egindako ekarpen handia aitortzea da xedea, baita inguruko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean duten inplikazioa bultzatzea ere. Baztertuta bizi ez daitezen, pertsonen jarrera, jarduketa instituzionalak eta arauak aldatu behar dira, eta belaunaldien arteko harremanen garapena suspertu beharra dago. Prebentziorako eta sentsibilizaziorako programak abian jartzea lehenengo urratsa da, ingurunean hobeto gizarteratu daitezen eta garapena bera jasangarriagoa izan dadin.
Horrez gain, gaur egungo gizartean bizi-itxaropena luzeagoa dela eta 65 urtetik gorakoek gero eta zeresan handiagoa dutela kontuan hartuta (Espainiako biztanleen %30 izango dira 2030. urtean), funtsezkoa da nork bere zahartzapenean daukan erantzukizunaren inguruko kontzientzia sustatzea, aktiboa bezain osasungarria izan dadin.
Elikadura zaintzea zahartzapen osasungarria lortzeko funtsezko zutabeetakoa da. Hona hemen dieta osasungarriari begira kontuan hartu beharreko zenbait gomendio:
- Frutak, barazkiak eta lekaleak jatea, zuntza, bitaminak eta mineralak dituztelako
- Azukre eta gatz gutxiago jatea
- Eguneko bost otordu egitea, gosariak oparoagoak eta afariak arinak izan behar direla kontuan hartuta
- Jarduera urriagoa denez, kalorien ekarpena gutxitzea
- Produktu koipetsurik ez jatea
- Edari kitzikagarri eta azukredunen kontsumoa mugatzea
Oso gogoan eduki behar da dieta osasungarria ez ezik ariketa fisikoa ere egin beharra dagoela: oinez ibiltzea, dantzatzea, bizikletan ibiltzea…
Azken batean, zahartzaroaren irudi hobea zabaltzea da ekitaldiaren xedea, gizarteari berari sasoi horretako egoeraren eta erronken inguruko informazioa emateko eta kontzientziatzeko.
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra