Biribil urdina Nazio Batuen Erakundeko sinboloa da diabeterako.
Ez arrozik, ez bananarik, ez ogirik, ezta produktu gozorik ere. Seguruenik, herritar gehienek horixe bera erantzungo lukete gaixo diabetikoen elikadura nolakoa izan behar den galdetzen badiegu.
Ikusiko dugunez, ez dauka inolako zerikusirik, diabetikoen elikadura (osasuntsu daudenena bezalakoa) dieta osasungarriaren gomendioetan egon behar delako oinarrituta; mediterraneoan, esaterako. Dena dela, kontrolatuago egon beharko da, eta kasu bakoitzaren ezaugarrietara egokitu beharko da: diabete-mota, agindutako terapia, egoera fisikoa eta beste faktore batzuk; esate baterako, norberaren gustuak, ordutegiak, familiaren egoera, egoera soziala…
Zer da diabetea?
Diabetea gaitz kronikoa da, eta gure gorputzak nahikoa intsulina sortzeko gaitasunik ez duenean edo sortutakoak bere eginkizuna behar bezala betetzen ez duenean agertzen da.
Intsulina digestio-aparatuko pankrea organoan sortutako hormona da. Besteak beste, intsulinari esker, elikagaien glukosa gure organismoko zeluletara igarotzen da, eta, bertan, muskuluen, ehunen zein organoen funtzionamendurako energia bihurtzen da.
Hau da, diabetikoek ez dute glukosa behar bezala erabiltzerik. Horren ondorioz, odolean geratzen denez (hipergluzemia), urteen joan-etorrian kalteak sortu ditzake ehunetan, eta, luzaroan, osasun-arazoak ere bai
Diabete guztiak berdinak dira?
Ez. Batez ere, hiru eratako diabeteak daude:
– I. motako diabetea: oraindik ondo ezagutzen ez diren mekanismoen bidez, organismoko defentsa-sistemak intsulina sortzen duen pankreako zelulei egiten die eraso. Hori dela eta, organismoak ez du beharrezko intsulina sortzen. Horrelako diabetea edonork eduki dezake, baina, batez ere, umeen edo gazte helduen artean agertzen da. Horrelako diabetea daukatenek intsulina-txertoak jarri behar dituzte, odoleko glukosa-maila kontrolatzeko.
– II. motako diabetea: II. motako diabetea arruntena da. Helduen eta adinekoen artean agertzen da. Halakoetan, organismoak badauka intsulina sortzerik, baina ez da nahikoa edo organismoak ez du haren ondorioen aurrean erantzuten. Hori dela eta, glukosa metatzen da odolean.
Ez dakigu zein diren I. motako diabetearen arrazoi nagusiak. II. motakoan, ordea, gaixotasunaren agerpenarekin lotutako arrisku-faktoreak daude; esate baterako, loditasuna, elikadura desegokia, ariketa fisikoaren falta edo adinekoa izatea.
Oro har, II. motako diabetean, ez da intsulina egunero jarri behar. Dena dela, sendagaiak hartu eta bizi-ohiturak aldatu behar dira (dieta osasungarria egitea eta egoneko bizitza saihestea).
– Haurdunaldiko diabetea: haurdunaldiarekin lotutako diabetea da, eta diabetea haurdunaldian lehen aldiz agertzen denean hartzen du izen hori. Erditu ostean desagertu egiten bada ere, kontrolpean eduki beharra dago garatzen ari den seinari kalterik ez egiteko.
Zer arazo sortu daitezke diabetearen ondorioz?
Odoleko glukosa-maila handiak eta horrekin lotutako beste faktore batzuek, hiperkolesterolemiak edo hipertentsioak, esaterako, osasun-arazoak sortu ditzake: bihotzean edo odol-hodietan, begietan (retinopatiak), giltzurrunetan (odol-hodi txikiak narriatzean), nerbioetan (neuropatiak, sentsibilitatearen galerak…)… Gainera, infekzioak edukitzeko arriskua are handiagoa ere bada (oin diabetikoa, adibidez).
Glukosa kontrolatuz gero, medikuak agindutako sendagaiak eta tratamendua jarraituz gero eta elikadura osasungarria zein egoera pertsonalaren araberako ariketa fisikoa eginez gero, neurri handi batean prebenitu ahal izango dira arazo horiek, eta diabetikoen bizi-kalitateak ere hobera egingo du.
Diabeteak badu sintomarik?

  1. motako diabeteari dagokionez, batzuetan egarria, gosea eta txiza egiteko gogoa areagotu daitezke, oso nekatuta egon gaitezke, zauriak orbantzeko zailtasunak eduki ditzakegu… II. motako diabetean edo haurdunaldiko diabetean, ordea, oso-oso gutxitan agertzen da antzemateko moduko sintomarik.

Badago diabetea prebenitzerik?
Lehen aipatu dugun bezala, ez dakigu zergatik sortzen den I. motako diabetea.

  1. motako diabeteak, ostera, zenbait arrisku-faktorerekin dauka zerikusia; esate baterako, loditasuna, elikadura desegokia edo ariketa fisikoaren falta.

Beraz, bizitza osasungarria eginez gero (elikadura egokia eta gure ezaugarrien araberako ariketa fisikoa), badago II. motako diabetea ekiditerik edo atzeratzerik.
Zer tratamendu du diabeteak?
Inolako zalantzarik gabe (eta I. motako diabetean, batez ere), tratamendua eta medikuaren kontrola ezinbestekoak dira, baina ohitura osasungarrien funtsezko zutabea ahaztu gabe: dieta osasungarria eta ariketa fisikoa, alegia.
Nolakoa izan behar da diabetikoen dieta?
Hasieran esan dugun moduan, gaixo diabetikoen dieta orekatua izan behar da, osasuntsu daudenena bezalakoa.
Hau da, uste ez bezala, diabetikoek karbohidratoak jan ahal (eta behar) dituzte, nahiz eta kontrolpean eta euren ezaugarrien arabera egingo duten (diabete-mota, sendagaiak, elikadurako ohiturak…).
Izan ere, diabeterako gomendio nutrizionalen arabera, diabetikoek heldu osasuntsuek beste karbohidrato jan dezakete (eguneko kaloria guztien %45-%60). Hala ere, oso kontuan hartu beharko da kopuru guztiaren %10 azukre bakunak direla eta zuntza daramatela.
Hau da, ez dago alde handirik heldu osasuntsuei gomendatutakoarekin.
Koipeei dagokienez, heldu osasuntsuen artean gertatzen den bezala, oso garrantzitsua da dietan koipe gehiegi ez sartzea (kaloria guztien %30-%35) eta nolako koipea jaten den kontrolatzea. Izan ere, kopuru guztiaren %10-%20 koipe monoasegabea izan beharko litzateke (oliba-olioa, fruitu lehorrak eta arrain urdina); koipe asea, %7-%10 ingurukoa; eta koipe poliasegabea (ekilore-olioa), %10etik beherakoa.
Gainerako biztanleen aldean, diabetikoek oso kontuan hartu behar dute zenbat otordu egiten dituzten egunean eta zenbat eta nolako karbohidratoak jaten dituzten otordu bakoitzean. Hartara, gluzemia kontrolatu ahal izango dute, baina, batez ere, intsulina hartu behar dutenean.
Halakoetan, oro har, elikagaien karbohidratoen arrazioak egin beharko dira (arrazio bat = 10 g karbohidrato). Horrela, adibidez, honako hauxe izango litzateke karbohidratoen arrazio bat: 40 g arroz egosi, 20 g ogi zuri, 50 g txitxirio egosi, 250 g leka, 50 g banana, 100 g sagar edo 200 g esne.
Hartara, karbohidratoak egunean zehar banatuko dira medikuak agindutakoaren arabera eta gaixoaren gustuen zein egoeraren arabera (etxetik kanpo jaten duen, bakarrik bizi den, lanean bazkaltzen duen, egunean otordu gehiago edo gutxiago egiteko gai den…).
Era berean, oso kontuan hartu behar da zein diren “diabetikoentzat egokiak diren” produktuak edo “azukre erantsirik gabeko” produktuak. Izan ere, fruktosa dute batzuetan, eta, xurgatzeko orduan intsulinarik behar ez duten arren, glukosa moduan metabolizatu daitezke gorputzean.
Beste produktu batzuei dagokienez, gailetak, pastelak, turroiak…, esaterako, glukosarik edo fruktosarik ez duten arren, irinez edota esnez egiten direnez, gaixo diabetikoek karbohidratoen kopuru hori hartu beharko dute kontuan.
Horrek ez du esan nahi produktu horiek jan behar ez dituztenik. Hain zuzen ere, produktuok zenbat karbohidrato dituzten hartu beharko dute kontuan, lehen aipatutako banaketa egokitu ahal izateko.
Laburbilduta, heldu osasuntsuentzat oso lagungarria izan daiteke dieta orekatua egitea eta bizi-ohitura osasungarriak edukitzea, II. motako diabetea saihesteko edo atzeratzeko orduan. Diabetikoentzat, ordea, patologia horren tratamendu medikoaren zutabea izango da.
 
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 157 times, 1 visits today)