Ez dago miraririk osasuna galdu gabe argaltzeko: larregizko loditasuna sorrarazten duten bizi-ohiturak utzi eta beste osasungarriago batzuk aukeratu besterik ez dago.

Ez dago zertan elikagaiak nahasturik, ezta osagarri edo produktu bereziak harturik ere.

Hona hemen pisu egokiari eusten lagunduko diguten bizi-ohitura osasungarriak:

– Egunean bost arrazio fruta eta barazki jatea: horrela, osasuntsuago egongo gara elikagarri onuragarriei esker. Gainera, otorduen artean beharrezkoak ez diren elikagaien ordez, fruta edo barazkiak jaten baditugu, kaloriak, koipeak, azukreak eta gatza murriztuko ditugu.

– Zereal (hobe osokoak badira) eta lekale ugaridun elikadura aukeratzea: “mirarizko dietetan” horrelako elikagaiak bete-betean gaitzesten badira ere, ez daude pisuaren igoerarekin lotuta. Horrez gain, gure organismoarentzat beharrezkoak diren elikagarriak dituzte (karbohidrato konplexuak, zuntza, bitaminak, mineralak…), eta are ugariago egingo dute gure dieta.

– Esnekiak eta animalia-jatorriko elikagaiak jatea: esnekiei dagokienez, helduok gaingabetuak jan ahal izango ditugunez, koipearen eta kalorien kopurua gutxitu ahal izango dugu.

Animalia-jatorriko elikagaiak (haragia, arraina eta arrautzak) tartekatu egin ahal izango ditugu. Gainera, neurriz eta barazki-hornigaiekin jango ditugu (gogoan izan bost arrazio fruta eta barazki jan beharko ditugula egunean).

– Egunean bost otordu egitea: ez da gehiago jan behar, banatuago baizik. Otorduak ez egitea ez da batere lagungarria izango argaltzeko orduan, antsietate handiagoaz helduko garelako hurrengo otordura eta aukera gehiago izango ditugulako hozkailuari “eraso” egiteko, osasungarriak ez diren elikagaien bila.

– Janaria prestatzeko modu leunak eta koipe gutxikoak erabiltzea: janaria plantxan, lurrunetan, egosita, erreta, papillotean… egin beharko dugu, frijituak eta arrautza-irinetan pasatutakoak alde batera utzita. Era guztietako errezeta osasungarriak daude.

– Beharrezkoak ez diren elikagaiak: zenbat eta gutxiago, hobe.

Opilek, zizka-mizka gaziek, litxarreriek, gozokiek… azukre, gatz eta koipe lar dituzte unitateko.

Ohitura osasungarriei luzaroan eutsi behar zaiela kontuan hartuta, ez dira inoiz arazotsuak izango, betiere lantzean behin jaten baditugu.

– Ura edari nagusia izatea: freskagarriek, zukuek, edari alkoholdunek eta euren konbinazioek kaloria zein azukre asko dituzte, baina elikagarririk ez. Noizean behin edan ahal izango ditugu (askotan gure ingurune sozialarekin daude lotuta), baina ez egunero.

– Ariketa fisikoa egitea: ez dago gimnasioan zertan “akiturik”, baina oso garrantzitsua izango da egoneko bizitza ez egitea: sarritan erritmo oneko osteratxoak egitea, eskailerak igotzea, umeekin jolastea…

– Osasun-arloko profesionalen esku jartzea: banakako dieta egin nahi badugu, profesional eskudunen esku jarri beharko gara; dietista-nutrizionista, esaterako. Izan ere, elikaduraren arloko ikasketak egin dituzte unibertsitatean. Elkargokidea den profesional batengana jotzen badugu, intrusismo profesionala eta iruzurra saihestuko ditugu.

Aholku hauek kontuan hartuz gero, pisua galdu eta osasuna irabaziko dugu.

 

Laura González

Gastronomía Baskako dietista

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra