Apirilero bezala, Erlezain Eguna egingo da Zegamako udalerri gipuzkoarrean. Bertako udalak eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak antolatzen dute, eta bertaratutakoek zenbait ezti-barietate erosi eta dastatu ahal izango dituzte. Horrez gain, eztiaren produktu eratorriak ere izango dituzte salgai: xaboiak, kandelak, kremak…

Erlezain Egunaren XVII. edizio hau apirilaren 12an egingo da, eta, bertan Gipuzkoako Eztien Lehiaketa ere garatuko da, baita eztiz egindako gozogintzako produktuena ere. Gainera, Gozogileen Elkarteak eztiz egindako gozokiak erakusteko eta saltzeko postuak ere jarriko ditu. Era berean, eztiari eta apiterapiari (eztiaren erabilera terapeutikoari) buruzko hitzaldiak ere eskainiko dira azokako egitarauan.

Udaberriaren hasieran, eztia dastatzen da lehen aldiz, eta araztasuna du ezaugarri bereizgarri. Inguru honetan, gaztainondoko, txilarreko eta akaziako eztiak ekoizten dira. Gaztainondokoa gorrixka da, eta usain iraunkorra du. Txilarrekoa, ordea, ilunagoa da, baina, batez ere, kristalizatuta badago. Bestetik, akaziakoa argi-argia da, ia-ia gardena, eta usain leunagoa dauka. Hiru barietate horiek nahasten direnean, “mila lore” barietatea lortzen da.

Eztia oso onuragarria da osasunerako, eta, era berean, balio elikagarri zein energetiko handia ere badu. Horrela, bada, txilarrekoa diuretikoa da, eta mineral ugari ditu. Gaztainondokoa, ostera, oso ona da odoleko zirkulazioa hobetzeko; eta akaziakoa, umeak eztiaren kontsumora ohitzeko.

 

 

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra