CASTELLANO

 

Uda datorrenean, entsaladak gure menuko ohiko platera dira, eta, inolako zalantzarik gabe, haien oinarrizko osagaietakoa da uraza. Zapore freskoa duenez, oso ondo bat dator entsaladako ia-ia osagai guztiekin.

Barietate ugariko urazak badaude ere, batzuk baino ez dira landatzen. Antzinarotik dira ezagunak, eta oturuntzen ostean jaten zituzten hobeto lo egiteko. XVI. mendera arte, ez ziren kukuludun barietateak Europara iritsi, bertan hosto soltekoak baino ez zirelako ezagunak.

Barietate guztien artean, erromatarra edo asto-belarra da ohikoenetakoa. Zapore mingots samarra eta hosto luzanga, kurruskari zein berde biziak ditu. Oso erabilia da frutaz, indioilarrez edo oilaskoz egindako entsaladetan.

Letxuga erromatar txikiek, Tuterako kukulu ospetsuek bezala, hosto estutuagoak dituztenez, oso egokiak dira atunarekin, antxoekin, piper gorriekin… jateko.

Bestetik, iceberg uraza ere bada oso ospetsua, eta izen hori du oso ondo aurre egiten diolako hotzari. Hosto itsatsiek aza-forma dute, kurruskariak dira eta entsaladetan, sandwichetan, hanburgesetan… erabiltzen dira.

Trokadero uraza berde iluna da, zapaltasuna du ezaugarri bereizgarri eta bere hostoak bigunak dira.

Horrez gain, hosto uhindu berde, marroi eta gorrixkak dituen haritz-hosto gozoa ere bada oso erabilia, baita kolore gorri bizi-bizia eta zapore mingots fina dituen lollo rossoa ere.

Azkenik, kukuludun batavia ere badago. Lore-sortaren forma dauka, berdea eta marroia da eta hosto kizkurtu bezain uhinduak ditu.

Urazak azkar alferrik galtzen dira. Erostean, ondo-ondo begiratu behar dugu hostoetan arrakalarik ez dutela, hostoak eurak irmo bezain bigunak direla eta kolore distiratsuak dituztela. Etxean, hobe da hozkailuko tiraderan sartzea, bilgarririk ez jartzea eta ez izoztea.

Ur hotzetan garbitu ostean, zerbitzatu baino lehen bakarrik ebaki eta ondu behar da, fresko bezain kurruskari egon dadin eta C bitaminarik galdu ez dezan.

Urazaren %95 ura denez, oso egokia da argaltzeko dietetan jateko, ez daukalako ez koiperik ez hidratorik. Gainera, zuntz ugari eta mineral asko era baditu; esate baterako, potasioa, sodioa, magnesioa eta kaltzioa. Halaber, B, A, E eta C bitaminak ere baditu. Diuretikoa eta kolesterol-maila handiaren aurkakoa ere bada, antioxidatzaile asko dituelako.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra