Gaur egun, lehen ez bezala, oso eskura dugu janaria munduko zati honetan. Ugaritasun honek obesitatea bihurtu du elikaduraren arazo nagusia mundu garatuan. Gure betiko janariak ordezkatzen ari diren jakiak (industrialak, sasoiz kanpokoak…, etab.) eta orduz kanpo jandakoak, arteriosklerosia eta kardiopatia iskemikoa errazte dituzte, jadanik haurtzaroan hasita. Pubertaro eta nerabetasunera heltzean, ume batzuk (oro har gero eta lodiagoak direnak) modan dagoen gorpuzkera ezin hobea edukitzeko beharrean aurkituko dira, ez dira gustura sentituko bere itxurarekin, eta beste elikadura-eragozpen batzuk pairatzeko arriskuan egongo dira.

Gizakiak, beste animaliek bezala, elikagaien eskasia jasan behar izan du mendeetan zehar. Pairamendu horren erakusgarri nabarienetakoa herrien migrazioak dira; esate baterako, Asiako estepetatik Europaranzko migraketak antzina, Europatik Ameriketara izan direnak oraintsu (Irlandako populazioaren ia erdia aurreko mendean), eta gaur egun hirugarren mundutik mundu garatura gertatzen ari diren migrazioak, goseak bultzatuta izan direla esan genezake. Iraultza industriala, eta batez ere, II. Mundu Gerraz geroztik, erraztu egin da elikagaiak eskuratzeko posibilitatea mundu garatuan, hirugarren munduan okerrera egin duen arren. Esan genezake, gu bizi garen inguruan, eta gaur egun, jende gehienak eskura ditzakeela organismorako beharrezko dituen elikagaiak, eta, gaixotasunakin ezean, ez lukeela nutrizioari buruzko arazorik (eskasirik ez, bederen) izan behar.

Agian, mendeetan jasandako jaki-eskasiak eraginda, edo gizakiak berezkoa duelako, gosearen aurkako sena dugu gure baitan; sen honek lagun gaitzake, elikagaiak eskura izan arren, jende askok gaur egun janariari eta bere ingurukoari ematen dion garrantzia zein handia den ulertzen, jatekoaren kantitateari dagokionean batik bat. Batez ere, haurtzaroan kezkagarria da kaleko solasaldietan zein pediatria-kontsultan somatzen den ardura hori. Askotan, familiakoak gehiago arduratzen dira jangurarik ezaz berau eragiten duen oinarrizko gaixotasunaz baino.

Kalitateari buruz, kontura gaitezke bertokoak ez diren elikagaiak kontsumitzeko joera hartzen ari garela. Haurtzaroa ez da salbuespena; honela, umeek lehen baino gehiago kontsumitzen dituzte industrialki ekoiztutako janariak (haragia, gozogintza industriala,… etab.) eta gutxiago gure betiko janariak. Edoskitze naturala da beste adierazle bat, 1900-1970 urte bitartean (guda uneetan izan ezik) esne artifizialak baztertu duena. (Ez dugu ahaztu behar, gezurra badirudi ere, biberoizko elikadura berria dela, mende honetakoa, eta ez betidanikoa).

Gernikako ume populazioaren azpipisua eta gainpisua adierazten digu taula honek (P10 kurbatik behera eta P90ekotik gora daudenak). Estatistikoki, prebalentzia biak berdinak izan beharko lukete, % 10aren inguruan, baina ikusten dugunez gainpisukoenak handiagoak dira, ez modu nabarian lehenengo urteetan, bai ordea 10 urtetik aurrera, eta batez ere adin horretan.

Umeen jan-ohiturek ere aldaketak jasan dituzte: ordutegian, maiztasunean, eskaeran, etab. Umeak otordua nola egiten duen da askotan familiaren ongizatearen erakuslea. Umeak zerbait gogoko duenean, ahaleginak egiten ditu lortzeko, eta askotan lortu egiten du. Amorraldiak dira, ahalegin “normal” horiek eragin izan ezean, beste bide bat gogokoa dena eskuratzeko, batez ere bere gurasoek ezin dutela negarrik edo garrasirik jasan, konturatzen denean eta amore eman ohi dutela. Honela, umea sarritan egoeraren jabe egiten da “umearentzat onena” modutzat hartzen duguna begira zertan geratzen den sarritan (gehienetan?): umeari nahi duen moduan eta nahi duenean ematen diogu, bere gogoaren arabera eta ordutegia kontuan hartu gabe (2 ordu eta gehiago, gainera ahora emanez, “…bestela hil egingo da gosez eta”). Hau guztia, logikoki jokatzeko astirik edota pazientziarik ez dugulako gertatzen da. Batez ere lehenengo urteetan ume txikiari arau malgu batzuk jarraitzen erakutsiz gero, arazoen probabilitatea gutxitu egingo da erabat.

Arestian aipatutakoaren eredu tamalgarriena “gozoki edo litxarreria” izenarekin ezagutzen dugun, nutrizio arloan “Snack” izen generikoarekin ezaguna, taldeari dagokio. Gaur egun ume askok egunero jaten du gozokiren bat, eta batzuk asko. Duela 30-40 urte igandetan baino ez zena gertatzen, eta oso salbuespenekoa zena lehenago, eguneroko bihurtu da gure gizartean. Era askotakoak dira ume eta gazteek litxarreriak (gozogintza industriala ere barnean sar dezakegu) kontsumitzeko aitzakiak: urtebetetzeak, saria, amorraldia, pakean uztearen truke, maitasuna erosteko umeari emandako oparia, etab. Umea hain umea ez denean, dirua du sakelean edo lortu egiten du txikitatik kontsumitzen ikasi duena erosteko, edo haren ondorengoa kontsumoaren azokan. Honela, ez da harritzekoa gozoki-dendak hainbeste ugaritzea azken urteetan.

Jarraian ikusiko ditugu elikagaiak eta jateko moduak sor ditzaketen eragozpen batzuk eta, bidenabar, saiatuko gara aipatutako aldaketek eragozpen hauen maiztasun eta larritasunaren gehitzean zer ikusirik duten aztertzen.

Obesitatea

Obesitatearen ia kausa bakarra energiaren desoreka da; hau da, organismoan sartzen den energia kontsumitzen edo gastatzen dena baino gehiago denean gertatzen da. Gure organismoan, energia jakien bidez barneratzen dugu, eta hauen gehiegikeria da, ia beti, obesitatearen sortzailea.

Neska-mutil obesoen ezaugarriak dira: ariketa fisiko gutxi egitea (kirolean ezezik, bizitzako arlo guztietan ere berdin gertatzen zaie; adibidez, eskolara joateko autoa gehiago erabiltzen dute oro har), eguerditik aurrera jaki gehiago hartzea eta telebistaren aurrean denbora asko ematea. Ezaugarri hauek obesitatearen sortzaile zein ondorio dira; ohar gaitezke bestalde, ariketa fisiko gutxi egiteak obesitatera bultzatzen duela, energia gutxi erretzen delako; baina, bidenabar, obesitateak ariketa fisikorik ez egitera bideratzen du, gurpil-zoro honen bidez obesitatea errazten delarik.

Elikadura garbiak zure osasuna iraunarazi eta hobetzen du. Beharrezkoa da era orekatu eta anitzean elikatzea, jan denetatik, baina inoiz ez gehiegi.

Lodi egotea osasunaren adierazlea ezezik, estetikarena ere izan da ia oraintsu arte. Baina obesitateak ondorio fisiko zein psikikoak ditu, bereziki, haurtzaroan. Hala ere, bere ondorio nagusia, helduaroan irauteko joera izatea da, adin honetan ondorio oso kaltegarriak sor ditzakeelarik: diabetesa, hipertentsioa, kardiopatia, etab. Frogatuta dago nazioarteko ikerketetan, baita Euskal Herrian azken urteetan egindakoetan ere, ume eta nerabe obesoek besteek baino odol-tentsio eta kolesterol-neurri handiagoak dituztela; honi ariketa fisiko gutxi egitea gehitzen badiogu, ume obesoak arteriopatia-mota bat (bihotzeko infartoa, burmuineko baso-gaixotasuna, etab.) izateko 3 elementu garrantzitsuenetarikoz jabetzen ari direla ohartzen gara. Baina, bestalde, frogatuta dago, obesitatea bera, berez dela arteriopatiaren sortzaile bat eta ez duela aipatutako ondoriorik behar arrisku-faktore izateko.

Euskal Herriko hegoaldean, Espainiako obeso-indize handiena dugu Penintsulako Iparraldeko beste herrialdeekin batera, 1984an burututako ikerketa baten arabera. Orbegozo Fundazioak Bilbon eginiko ikerketa baten ondorio diren grafikoetan: kurba eta tauletan, ikus dezakegu obesitatea neurtzen duen batezbesteko parametro eta desbideraketak, beste kurbatakoak (anglosaxoiak gehienetan) baino handiagoak direla; gure umeak obesoagoak direla, alegia. Fundazio honetan lanean diharduen pediatra baten ustez, zenbat eta lehenago hasi gorantz gantz-ehunaren proportzioa umetan (berpizte adiposoaren adina) hainbat eta lodiagoa izango da ume-populazioa. Bilboko kurbatan, 4-5 urte bitartean nesketan eta 5-6 urte bitartean mutiletan dago adin hori. Ingalaterra, Frantzia eta Txekiar Errepublikan beranduago gertatzen den bitartean. Bere ustez, aipatutakoak berdin balio du, umeari indibidualki dagokionean ere; zenbat eta lehenago gertatu berpizte adiposoa probabilitate handiagoa izango du ume batek obesoa izateko, alegia.

Bizkaiko Udal batean egindako azterketan, adin bakoitzean gaurko umeek lehengoek baino gantz-ehun gehiago dutela, hau da, oro har lodiagoak direla somatzen da; hots, gaurko 6 urteko umeek duela 5 urte adin berekoek baino gantz-ehunaren proportzio handiagoa dute, eta hori adin guztietan gertatzen da. Gainera, adin desberdinen obesitatearen portzentaien erlazioa handitzen doa urteak aurrera egin ahala, aipatutako azterketak eta Nafarroan burututako beste azterketa prospektibo batek erakusten duten moduan. Honek esan nahi du, urteak aurrera egin heinean zailago duela ume lodi batek pisua egokitzea; honela, 12 urteko obeso batek helduaroan pisu egokia lortzeko % 25 probabilitate besterik ez badu, proportzio hau handiagoa da gazteagoetan eta eskasagoa zaharragoetan; suposatzen da nerabe obesoen artean % 80-85ek jarraituko duela obeso izaten helduaroan.

Hiperkolesterolemia

Aterogenesi-lesioak, arteriosklerosiaren eta gaixotasun kardiobaskularren erantzule direnak, 30 urtetik hona hainbat eta hainbat ikerlanek frogatu duten bezala, haurtzaroan hasi eta bilakatzen dira behin-betiko bihurtuz. Erantzule garrantzitsuenetarikoa aterogenesiaren dieta da, hiperkolesterolemira bideratzen duen dieta, alegia. Honen adibide nabariena, estatu garatuen erara bere dieta aldatzen ari diren estatuetan, Txina eta Nigerian kasu, gertatzen ari diren gaixotasun kardiobaskularren maiztasunaren gorakada da. Aterogenesian, faktore genetikoak (dislipemia familiarrak, batez ere, hipertentsioak, diabeteak) eta ingurugiroak (dieta aterogenikoak, obesitateak eta bere ondorioak, sedentarismoak, tabakismoak) hartzen dute parte, batak besteak eragiten dituelarik.

Haurtzaroan, odol-sueroko kolesterola 200 mg/dl-tik gora dagoenean zehazten da hiperkolesterolemia (kolesterol altua eta potentzialki kaltegarria). Kolesterola zifra honetatik behera eta LDL-kolesterolaren (kolesterolaren frakzio kaltegarria moduan ezagutzen dena) zifrak 135 mg/dl-tik behera mantentzeak izan beharko luke osasunerako helburu bat.

Kolesterol altua askoz ere maizago ikusten da gehiegizko pisua duten umeengan besteengan baino. Gainera, ume obesoetan kolesterolaren osagarri kaltegarriak dira triglizeridoekin batera altu daudenak, osagarri babesleak (HDL-kolesterola hauen artean) askoz ere neurri txikiagoan dauden bitartean.

Piramide itxurazko irudiek nutrizio-oreka egokia mantentzeko gorde behar diren proportzioak erakusten dute. EEBBetako Nekazaritza Sailak proposatutakoa duzu hau.

Gaixotasun kardiobaskularren gorakadan badu zerikusirik, zalantzarik gabe, dieta-ohituren aldaketak. Gure dieta ondoko elikagai hauen kont

sumoa handitzean omen dago aterogenesiaren aurreko babesa, dieta mediterraneoaren osagarri nagusiak direnetan, alegia: landare-olioa (oliba, batik bat), egoskariak eta arraina. Elikagai hauek kontsumitzen dira gaur ere, baina astiro-astiro hauek ordezkatzen hasiak diren beste elikagai eta ohitura arrotzak sartzen ari dira.

Oso kontuan hartzekoa da, gainera, otordu artean umeak jaten duena: otartekoak eta “snack”ak (gozokiak barne), gaur egun, umeen dietako gantz eta energiaren parte handiaren erantzule bihurtu baitira. Gantz hauek oso aterogenikoak dira, gantz-azido saturatuen kantitate handiaz eta oso kalitate txarreko energiaz hornitzen baitute. Elikagai hauen artean talde bat (boileria, gozoki industriala, paketa/sobreak) bestea baino (fruitu lehorrak, karameloak) aterogenikoagoa da. Dieta-ohituren aldaketekin eta aipatutako aparteko elikagai hauen kontsumoarekin ume askok, gomendagarri den energiaren % 30 baino askoz ere gehiago koipetan eta % 8 baino gehiago gantz-azido saturatuetan kontsumitzen duela pentsatzea ez zaigu oso zaila egiten eta, beraz, dieta aterogenikoa egiten ari dela.

Idorreria

Badaude gaurko elikadurak bultzatzen dituen beste gaixotasun fisiko batzuk ere, idorreria esate baterako. Gaur eguneko alimentuek zuntz-eskasia dute, eta hondakin-masa lehorragoa izaten da idorreria eraginez. Gainera, energia askoz hornitutako otorduz kanpoko jaki asko barneratzen da (energia txarra), zuntzik gabekoa gainera; hartutako energiak gosea kentzen du eta, beraz, ez dugu hartzen ia zuntzik ere.

Idorreriaren ondorio bat uzkiko fisura da. Arazo hau gurpil-zoro tipikoa da: idorreriak fisura sortzen du, eta hau sortuz gero, idorreria larriagotu egiten da hondakin lehorrak libratzerakoan mina areagotzen duelako; areagotze honek fisura handituko du edo, gutxienez, ez du sendatzen utziko.

Ondorioak

Janariaren bidez sor daitezkeen eragozpenak oso garrantzitsuak dira. Eragozpen hauetatik, gaixotasun kardiobaskularrek (asteriosklerosia, bihotzeko infartua) bildurtzen gaituzte gehien. Honek elikagaiekin zenbaterainoko lotura duen adierazteko gertakizun argienetarikoa hauxe da: dieta-ohiturak mendebaldeko erara bihurtzen ari diren herrietan gaixotasun kardiobaskularren gehitze ikusgarria ari da gertatzen. Arazoa hain larria izanda, harritzekoa da Osasun Administrazioek bere aurrean eman ohi duten erantzuna, noizbehinkakoa, ahula eta gaizki bideratua izan delako. Noizbehinkakoa da, behin betikoa eta etengabea izan beharrean, gizartearen edo kazetarien kezkei baino erantzuten ez dielako. Ahula da, arazoaren garrantziaren eta arrisku-faktore nabarmenen aurrean inkesta eta ikerketa epidemiologiko apurrak besterik ez dituztelako bultzatu. Gaizki bideratua, ahalegin urri horiek helduarenganako prebentzioan burutu direlako, arazoa, batez ere pediatrikoa denean (umetan hazten dira ateroma plakak esan dugun bezala, janari aterojenikoak eta jateko ohitura kaltegarriak diren bezalaxe).

Nere ustez, ondoko puntu hauek onartu beharko lirateke agente guztien artean (gurasoak, irakasleak, osasun-alorreko langileak, administrazioa…) umeen nutrizioa ezezik dieta, ohiturak ere oro har, modu logiko batean planteatzeko.

  • Heziketa sakona behar da janari eta elikagaiei buruz jendeak ikas dezan zein diren gure organismorako aproposak eta zeintzuk kaltegarriak eta alboragarriak. Heziketa hau hizkera simple batekin bete beharko litzateke. Laburbilduz, honelako aholkuak eman daitezke:
  1. ekidin: gozogintza industriala, haragi oso koipetsuak,
  2. mugatu: txerrikiak, enbutidoak, arrautzak, esne eta esnekiak,
  3. derrigorrez kontsumitu: fruta, barazkiak, arraina, oliba-olioa,
  4. ez ahaztu jan orduetatik aparte umeek jaten dituzten snacks-ak.
  • Elikagaiaz gain, ezinbestekoa da gurasoen haurren jokabidea kontrolatzea haiek transmitituko baitizkiete seme-alabei, ohiturak; honela, umeari gustatzen zaiona, baina elikagai-talde guztietakoa, eskaini behar zaio, jarritako orduetan eta denbora logiko batean (ordu erdi, 3 ordu laurden), jatera behartu gabe eta ezer jaten ez badu hurrengo jan-ordura arte ezer eskaini gabe.
  • Ezinbestekoa da edoskitze naturala bultzatzea, nutriente egokiekin hornituz eta gaixotasun batzuk ekidituz gainera, modu naturalean elikatzeko eredu delako, eta gerorako ohitura osasungarriak bideratuko dituelako.
  • Ariketa fisikoa bultzatu behar da, batez ere kaleko jokoen bidez; etxeko denbora-pasa nagusia eta ia bakarra telebista ikustea bihurtu da eta aipatu ditugu arestian ekintza honen ondorioak.
  • Gizartean hainbeste indar duen publizitatean (iragarkiak eraginkorrak dira mezua transmititzerakoan eta gutxi edo gehiago jende guztiarengan du eragina), erakunde publikoek tinko jokatu beharko lukete dietari buruzko osasun-ohiturak bultzatzeko. Bidenabar, dieta eta, beraz, osasunari buruzko publizitatea mugatu egin behar litzateke, iragarki batzuren mezu faltsua galaraziz edo aldatuz, are gehiago elikagai txarrak eta desegokiak kontsumitzera bideratzen duten iragarkiak asko direnean (nork ez ditu ezagutzen “eman ezaiozu … 3 hilabetetik aurrera luzeran eta ez zabaleran hazteko”, edo, “har ezazu… txapeldunen elikagaia”, edo, bidean “aiba,… ahaztu zaizkit”).

Edo, bestalde gaur egun dagoen argala izateko moda. Honi buruz esan dezakegu elikagai desegokiak kontsumitzera bideratzen duela argaltzearen aldeko propaganda ezegokiak (yogourt izen bateko gorpuzkera, aktore edo aktoresaren baten eredua…; argaltzeko kremak, argaltzeko janari lightak, etab.). Zer esanik ez, honek ere kontrol zehatza beharko luke.

(Zientziaren eta teknologiaren bilgunea)