CASTELLANO

Tuterako kukuluak (Nafarroa) uraza erromatar txiki-txikiak, bigunak eta trinkoak dira, eta azaren antza dute. Ebroko Erribera osoan ereiten badira ere, Tuterakoak preziatuenak eta handienak dira.

Euren hostoak gogorrak, zimurtsuak eta lodiak dira, eta kanpoko berdetik barruko horira doazen tonalitateak dituzte. Hazten direnean, ez dira lotu behar, beste alde batzuetan ez bezala, berez bihurtzen direlako kukulu. Ez dute ereiteko leku askorik behar, eta, helduaroan, hamar zentimetro baino gutxiago dute.

Mingotsak dira, letxuga arruntak baino zapore sendoagoa dute eta euren hostoak kurruskariak dira. Hori guztia dela eta, kukuluak barazki ezin gozoagoak dira. Atari zabalean edo negutegian ereitean urte osoan eskuragarri dauden arren, euren berezko denboraldia udazkenetik udaberrira artekoa da. Ia-ia produktu fresko moduan bakarrik merkaturatzen dira.

“Kukuluak oso gomendagarriak dira dietetan, ur asko eta kaloria gutxi dituztelako.”

Gastronomiaren munduan, kukuluak oso preziatuak direnez, sarritan erabiltzen dira entsaladetan, baratxuriekin, antxoekin, izokinarekin edo gaztekin onduta edo pure zein kremekin nahastuta. Era berean, haragien eta arrainen ongarri ezin hobea ere badira. Erdibituta edo laurdenetan zatituta jaten dira.

Ur asko dutenez (%95 inguru), kaloria gutxiko eta karbohidrato urriko ortuaria dira. Edonola ere, antioxidatzaile, A, C eta E bitamina eta zuntz ugari dituzte. Mineralei dagokienez, euren osaketako potasioa nabarmendu beharra dago.

Kukuluak oso gomendagarriak dira dietetan, ur asko eta kaloria gutxi dituztelako.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra