Carmen Gómez Candela doktorea Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleko Nutrizio Kliniko eta Dietetika Unitateko burua da, eta elikadurako nahasmenduen tratamendu dietetikoa du hizpide.

Gurasoek umeek edo nerabeek elikadura-jokabidean nolabaiteko nahasmendua dutela antzematen dutenean, zer egiten dute lehendabizi: Nutrizio Unitatera jotzen dute, familia-medikuarenera joaten dira…?

Oro har, askoz errazagoa da Psikiatriara barik Nutriziora jotzea. Beraz, oro har, osasunaren eta pisu-galeraren arloko alerta sortzen denez, nola edo hala dieta egokiena emango dietela uste dute gaixoek, eta ez dute bertaratzeko hainbeste eragozpenik jartzen, Psikiatriara joateko eskatzen zaienean bezala.

Gurasoak zer zantzu edo seinaleren bidez konturatzen dira seme-alabek horrelako arazoa dutela?

Batez ere, gazteen ohiko gaixotasuna da, eta pisuaren galera zein hilekoaren galera (nesken kasuan) dira zantzu nabarienak. Menstruazioa eta pisua galtzen dituztenean, izaera eta jokabidea ere aldatzen zaizkie. Izan ere, askotan, baliteke amak berandu konturatzea, beharbada euren aurrean daudenean jan egiten dutelako, beste batzuetan oka egiten dutelako, etxetik kanpo daudenean otordurik egiten ez dutelako… Hau da, pisuaren galera, menstruazioaren galera eta izaeraren aldaketa adierazgarri ohikoenak izango dira hasieran.

Edonola ere, arazoaz konturatzen badira ere, gurasoek ezin dituzte seme-alabak jatera behartu, eta, are gutxiago, adin jakin batean daudenean. Beraz, zer egingo dute horrelako arazoaren aurrean?

Hasteko, funtsezkoa izango da gaixotasuna egon badagoela aitortzea. Epealdia igaro beharko da harik eta hori lortu arte. Batzuetan, laburra izango da, baina, beste batzuetan, luzea. Dena dela, ezinbestekoa izango da gaixoak gaixorik dagoela aitortzea. Horixe bera da gogorrena eta zailena. Batzuetan, epe laburrean lortzen da, baina beste batzuetan, ez. Edonola ere, nola edo hala lortu beharko dugu. Halakoetan, hasieran, gurasoek behartuta eramaten dute semea/alaba, sekulakoa antolatzen dute kontsultan… Azkenean, ordea, egoera bideratzea lortzen dugu. Oso-oso kontuan hartu beharra dago gaixotasun honen irizpide diagnostikoen artean arazoa egon badagoela aitortzeko gaitzespena dagoela, hain zuzen ere.

Zertan datza tratamendu dietetikoa, gaixoak elikadurako nahasmendua badaukala onartzen duenean?

“Gaixoari dietapean ez dagoela azaldu beharko diogu, modu osasungarri bezain orekatuan jaten irakatsiko diogula, horrela osasuntsuago egongo dela eta, horrez gain, pisu egokia hitzartuko dugula berarekin”.

Gure tratamendu dietetikoaren helburua jateko heztea izango da eta ez dieta egitea. Oso txikiak direnean, batzuetan amari eskaintzeko neurri dietetikoak ezartzea beste irtenbiderik ez dugu. Hala ere, gaixoa dietaren ideiatik aldentzea da xedea, dietak berak sortu duelako arazoa. Hori dela eta, zenbat eta epe luzeagoa eman dietaren kontzeptuan sartuta, orduan eta engaiatuago egongo dira gaixotasunarekin. Gero, funtsezkoa izango da gaixoei dietapean ez daudela azaltzea, modu osasungarri bezain orekatuan jaten irakatsiko diegula, horrela osasuntsuago egongo direla eta, horrez gain, pisu egokia hitzartuko dugula eurekin.

Nahiz eta dietaren kontzeptutik ihes egin, kasuan kasuko menu gomendagarririk ezartzen duzue?

Ez, ez dugu halakorik inoiz egiten. Lehen esan dizudanez, txikiegiak direnean, esate baterako, Jesus Umea Ospitalean horrela jokatzea beste irtenbiderik ez dute. Hala ere, menu hori ez da umeentzat, amentzako orientazioa baizik. Gure gaixoak 14 urtetik gorakoak direnez, bideratu egiten ditugu, prozesuan bertan apurka-apurka inplikatu daitezen. Dena dela, hobera egiten ez badute, ez diegu janaria erosten, prestatzen eta zerbitzatzen uzten. Den-dena egin beharko diete.

Aurrerakuntza adierazgarririk egon da elikadurako nahasmenduen tratamenduan ala betiko sistemak erabiltzen jarraitzen duzue?

Egia esan, ez da aurrerakuntza handirik egon. Gauzak zenbait eratara egiten ikasi dugu, baina ez dago konponbide magikorik. Ez dago arazoa konpontzeko moduko farmakorik, arlo askotan eragina duen jokabide-arazoa delako eta ondorio fisiko handiak sorrarazten dituelako. Edonola ere, oso diagnostiko goiztiarra egiten ikasi dugunez, lehenago iristen zaizkigu kasuak. Familia-medikuak eta profesional-talde asko inplikatu ditugu bete-betean. Esate baterako, ginekologoek eurek neskaren batek hilekoa galdu duela eta pisua galtzeko programan dagoela ikusten dutenean, badakite nolako arriskua dagoen… Gizarte eta osasun arloan sortutako kontzientzia oso erabilgarria izan da, gaixoak lehenago heltzen direlako eta ez direlako hain larri iristen. Gaur egungo emaitzak askoz hobeak dira, baina horrexegatik da seguruenik, nahasmendua lehenago diagnostikatzen delako, lehengoak bezalako estrategiak erabiltzen ditugu-eta. Bilakatu egin gara, eta, agian, badakigu nola egin daitekeen hobeto, baina ez dago irtenbide magikorik. Izan ere, gertatutakoa gertatuta ere, oso kontuan hartu beharra dago gaur egungo testuinguru sozialean ideologia hori aldatu ez dela eta neskatilak larregizko argaltasunarekin lotutako hobezintasunaren irudiaren menpe daudela oraindik.

Bai, publizitatean, filmetan eta komunikabideetan, hain zuzen ere, beti-beti jende argala agertzen da edertasunaren sinbolo moduan, eta, horrez gain, ezinbesteko eskakizuna ere bada arrakasta eta zoriontasuna lortzeko orduan. Ikastetxeetan, adibidez, ezer egiten ari dira mezu horiei aurre egiteko?

Ikastetxeetan, kontzeptu horizontal moduan ezartzen ari diren ikasgaia da nutrizioa. Hau da, zenbait ikuspegitatik landu daiteke zenbait ikasgaitan. Era berean, nire ustez, behar bezala araututa ez badago ere, hezkuntzaren osagaia ere bada. Irakasleek ulertu egin dute zenbait neska-mutilek arazoak dituztela, eta ahal duten guztia egiten dute, familia ohartu dadin eta profesionalengana jo dezan. Iraganean, jarduera asko egin ditugu, institutuetan, batez ere. Beraz, irakasleak ere badira garrantzitsuak.

Elikadurako nahasmenduez hitz egitean, beti-beti emakumeak datozkigu gogora, baina gizonen artean ere badu eraginik. Zein dira alde nagusiak gizon eta emakume gaixoen artean, horrelako patologiak agertzen direnean?

Egia esan, gizonen kasuan ez da halakorik pentsatzen, mutil argala ikusten dugunean ez dugulako uste anorexikoa denik. Neska argala ikusten dugunean, ordea, horixe datorkigu burura. Horrez gain, emakumeen ohiko gaixotasuna da oraindik (9-1 proportzioan). Gizonen egoera desberdina denez, euren jokabidea ere bai. Hasieran, euretako asko gihar-masagatik kezkatuta daudenez, gimnasioetara joaten dira… Bertako mezu asko oso nahasiak direnez eta ideia zentzugabeak dituztenez, arazoan sartzen dira bete-betean.

Ume batzuk kezkatuegi daude txiki-txikitatik jaten dutenagatik, eta zenbait janari baztertzen dituzte, osasungarriak ez direlakoan. Hori dela eta, baliteke aurrerago elikadurako nahasmenduren bat garatzea?

“Elikadurako nahasmenduen atzean, zaurgarritasun handi-handia dago. Horrelako emakumeek larregi eskatzen diote euren buruari, eta neurria ematen ez dutela uste dute”.

Beharbada, egia da zenbait familia ere obsesionatuta daudela eta seme-alaben atzetik dabiltzala zenbait gauza jan ez ditzaten… Ez da gai erraza. Esate baterako, umeen ordutegian zenbait elikagairen inguruan egindako publizitatea arautu da, zenbait produktu etengabe iragarri ez daitezen. Horrela, bada, familia batzuk ez dira horretaz arduratzen, baina beste batzuk larregi kezkatzen dira. Jarrera bat zein bestea kaltegarriak izan daitezke, ordea. Familietan ohitura osasungarriak sustatzea da onena, eta, hori gertatzen denean, elikadurako nahasmendua sortzeko aukerak murriztu egiten dira erabat. Nolanahi ere, familia askok afaltzen ez dutenez, neska-mutilak galdu egiten dira batzuetan, ez dakite nola jokatu, hozkailua ireki eta edozer hartzen dute… Beste aldean, ostera, oso-oso ama kezkatuak daude. Batzuetan, eurek ere gaztetan elikadurako nahasmenduren bat izan zutenez, garrantzi handia ematen diote alaben elikadurari. Faktore asko badaude ere, funtsean oso-oso zaurgarritasun handia da nabariena, baina emakumeen artean batez ere. Horrelako emakumeek larregi eskatzen diote euren buruari, eta, era askotara, neurria ematen ez dutela uste dute. Emakumeoi betidanik gertatu zaigu hori.

Elikadurako nahasmendua eduki dezakeen gaixo-motaren profil zehat-zehatza dago, beraz.

Bai, pertsona horiek larregi eskatzen diote euren buruari. Horrez gain, modu generikoan hitz egiten badugu ere, zenbait eratako nahasmenduak daude, eta nerbio-anorexiak ez dauka inolako zerikusirik bulimiarekin, esaterako. Bulimia neska nagusiagoen artean agertzen da. Azkenean, kontrola galtzen dute, asebete egiten dira eta konpentsazio-neurriak hartzen dituzte ondoren. Beste era bateko profil psikologikoa da, eta eurentzat kontrola edukitzea da zailena. Anorexian larregizko kontrola dagoela esan dezakegu eta bulimian kontrola galtzen dela.

Zer esango zenieke nahasmendu hauetako gaixoei, euren familiei eta ingurukoei?

“Elikadurako nahasmenduak diagnostikatzen direnean, jendeak itxaropena galtzen du erabat. Nik neuk, ordea, mezu positiboa bidali nahi nieke, gaur egun lehenago antzematen delako gaixotasuna, kasu gehienak ondo doazelako eta sendatu egiten direlako”.

Elikadurako nahasmenduak diagnostikatzen direnean, jendeak itxaropena galtzen du erabat. Nik neuk, ordea, mezu positiboa bidali nahi nieke, gaur egun lehenago antzematen delako gaixotasuna, kasu gehienak ondo doazelako eta sendatu egiten direlako. Gaixotasun izugarria dela uste du jende askok… Egia esan, porrot egiten denean, oso tragikoa da. Dena dela, berriro esan nahi nuke gaixo gehienak zeharo sendatzen direla edo zentzuzko normaltasuna lortzen dutela. Beraz, oso-oso kasu gutxi dira tratamenduaren kontrakoak eta ez kronikoak. Hau da, gaixotasunean engaiatuta geratzen direnez, ez dira bertatik irteten. Hala ere, egoera hori ez da ohikoa, salbuespena baizik, anorexiako kasuen %20ra ere iristen ez delako. Funtsezkoa da kasu zailenetan ere tratamendua egiten jarraitzea, horrela bermatu egingo dugulako gaixoak gutxieneko osasuna duela, bere bizitzak zentzua duela, zentzuzko bizi-kalitatea duela… Hori dela eta, tratamendua egiten jarraitu beharko dute beti.

 

Web consultas