Tolosako babarrunak lekadunak dira, eta ingurumena errespetatzen duten antzinako metodoen bidez ereiten dira. Urteko ziklopean, lur-zati txikietan ekoizten dira Gipuzkoako lurralde osoan, baina, bertan, Tolosako eta Goierriko eskualdeak nabarmentzen dira. Maiatzaren erdialdean ereiten dira, eta, izozteen arriskua igaro ostean, udazkenean biltzen dira urriaren erdialdera arte.

Babarrun hauek kolore more iluna, ia-ia beltza, eta forma obalatua dute ezaugarri bereizgarri. Era berean, azal fin-fina dute, eta koipetsuak dira.

Ohikoa ez bada ere, nahiago izanez gero, badago bezperatik beratzen jartzerik. Babarrunok zapore zoragarria dute, eta su motelean prestatzen dira, salda bera apurka-apurka loditu dadin. Prestatzeko denbora ez da luzea, eta, tradizioaren arabera, honako hauekin jaten dira: barazki-odolkia, txerrikia, aza eta Ibarrako piparrak.

“Tolosako babarrunak tradizio handiko produktua dira, eta badira 300 urte baino gehiago baserrietako baratzeetan landatzen dituztela.”

Euren izena Tolosako babarrunak bada ere, ez du esan nahi udalerri horretan bakarrik ekoizten direnik, eskualdeko komunikazio-gunea den udalerri horretako asteko azokan merkaturatzen zirela baizik.

Tradizioaren arabera, babarrunok zeresan handia izan dute eguneroko dietan, landare-proteina ugari dutelako. Izan ere, baserrietako eguneroko menuaren funtsezko osagaia zen. Gainera, “euskal eltzekoko” oinarrizko lekaleak ere badira, XIX. mendearen hasieran babak baztertu zituztenetik. XX. mendearen erdialdera arte, etxe gehienetan jaten zituzten. Ondoren, ordea, haien kontsumoa nabarmen jaitsi zen, produktu berrien ondorioz elikadura-ohiturak aldatzean, maila ekonomikoa handiagoa izatean eta landa-ingurunea despopulatu zuen garapen industriala gertatzean.

Onura elikagarriak

Proteina gehien dituen landare-jatorriko elikagaietakoa dira, eta karbohidrato zein zuntz ugari ere badituzte. Azken batean, koipe gutxiko elikagai energetikoa dira. Era berean, mineralak eta bitaminak ere badituztela nabarmendu beharra dago, baina, batez ere, B taldekoak.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra