Zaporetsuak, urtsuak, usaintsuak eta osasungarriak. Halakoxeak dira Rincón de Sotoko madari errioxarrak. Badute ezaugarri bereizgarririk, tamaina handiagokoak direlako eta eremu mugakideetakoak baino azukretsuagoak direlako.
Euren forma luzatuagoa, testura, usaina eta azidotasuna kontuan hartuta, oso bereizgarriak dira. Horrez gain, honako berezitasun hauek ere badituzte: kolore berde bizi-bizia eta ohiko behe-lainoen ondorioz sortutako hezetasuna lurruntzean eratutako azaleko herdoila edo russetinga.
Rincón del Sotoko madariak XVII. mendetik landatzen dira Nafarroako probintziako mugakideak diren Behe Errioxako zenbait udalerritan. Ebro, Cidacos zein Alhama ibaietako terrazetan kokatutako eremu lauak dira, ondo egurastuta daude eta hezeak bezain iragazkorrak dira.

«Zaporetsuak, urtsuak, usaintsuak eta osasungarriak. Halakoxeak dira Rincón de Sotoko madari errioxarrak. Badute ezaugarri bereizgarririk, tamaina handiagokoak direlako eta eremu mugakideetakoak baino azukretsuagoak direlako»

Lur horien bereizgarritasuna ez ezik, fruta honi oso ezaugarri bereziak ematen dizkien mikroklima ere nabarmendu beharra dago. Eguneko batez besteko tenperaturak handiak direnez, gauekoekin alde nabaririk ez dutenez eta udaberriko izozterik ez dagoenez, azkar-azkar hazten dira.
Ereintzako prozesu guztia modu tradizionalean egiten da, hau da, zuhaitzen bakanketak zein inausketak eta uda amaierako bilketa. Teknikariak une egokiena zein den erabakitzen du, frutaren tamaina, kolorea, gogortasuna eta adarretik ateratzean daukan erresistentzia kontuan hartuta. Gainera, orbanik edo deformaziorik ez daukaten aleak baino ez ditu aukeratzen. Eskuz biltzen dira bi txandatan, frutari oinarritik heltzen zaio eta gorantz tira egiten da kandua osorik irten dadin.
Rincón de Sotoko madariak 2002. urtean jatorri-deitura lortu zuten lehenengoak izan ziren Blanquilla zein Konferentzia barietateen freskotako kontsumorako. 2015ean, 876 hektarea landatu ziren, eta, kalitate oneko fruta denez, urterik urte madarion merkatu-kuota gero eta handiagoa da. Izan ere, Espainian gehien saltzen den madari-jatorria da gaur egun.
Oso urtsuak direnez, freskagarriak dira. Horrez gain, oso egokiak dira dietetarako, oso kaloria gutxi dituztelako eta eragin asegarria dutelako. Euren ezaugarri antioxidatzaileek sistema immunologikoa indartzen dute, eta A, B, C, D zein E bitaminak ere badituzte. Madari hauek jaten direnean, organismoa arazten da, kolesterol-mailak murrizten dira eta giltzurrunen zein digestio-aparatuaren funtzionamendu ona sustatzen da.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 181 times, 1 visits today)