CASTELLANO

Uda eta beroa iristen direnean, izozki gehiago jaten dira. Izan ere, urtaro horretako sinbolo bereizgarri eta freskagarrienetakoa dira, nahiz eta gero eta gehiago ere jaten diren urte osoan. Produktu zaporetsua, elikagarria eta izoztua da, eta, ekoizpen errazenean, ura, esnea, esne-krema eta azukrea erabiltzen dira. Horrez gain, beste osagai batzuk ere erantsi ahal zaizkio: arrautza, frutak, txokolatea, fruitu lehorrak…
Haien oinarria esnea edo urtsua den kontuan hartuta, honelaxe sailkatzen dira: krema-izozkia, esne-izozkia, ur-izozkia, sorbetea (edo izotz-edaria, erdisolidoa da) eta mantekado-izozkia (esnea eta arrautza-gorringoa daramatza). Oraintsuago, jogurt izoztua ere bada oso ezaguna.
Sektorea etengabe bilakatzen ari da, eta, izozteko teknika berriei zein makina modernoei esker, badago eskala handian ekoizterik eta zapore berri bezain harrigarriak eskaintzerik. Egunero kalitateko osagai naturalez egindako artisau-produktuak bilatzea da onena.
Historia
Izozkiaren historia luzea da. Antza denez, orain dela mende asko txinatarrek mendietako elurra nahasten zuten eztiarekin eta frutekin. Ondoren, merkataritzarako ibilbideetatik iritsi zen mundu arabiarrera. Bagdadeko Kalifaldian, elurra nahasten zuten fruta-zukuekin. Ez dakigu zehatz-mehatz nola heldu zen Europara, baina Italiatik gelatoa hedatu zen. Dena dela, izozkailuak zituzten gutxi batzuentzat baino ez zen eskuragarria. XVII. mendean, hain zuzen ere, Karlos I.a errege ingelesaren gorteko sukaldari frantses batek zukuak nahastu zituen esnearekin, eta izozkia asmatu zuen. 1660. urtean, Procopio italiarrak frutak, azukrea eta izozkia homogeneizatzen zituen makina asmatu zuen, eta benetako krema izoztua lortu zuen, gaur ezagutzen dugunaren antz-antzekoa. XVIII. mendean, izozkian agertzen ziren errezeten liburuetan. 1700. urtean-edo, Ipar Amerikara iritsi ziren, eta onarpen ikaragarria eduki zuten bertan. 1846an, Nancy Johnson iparramerikarrak lehenengo izozki-makina automatikoa asmatu zuen, eta izozki industrialaren historia hasi zen. 1851. urtean, Jacobo Fusselek izozkiak ekoizteko lehenengo enpresa sortu zuen herrialde horretan.
Onurak
Izozkiak ere lagungarriak dira dieta osasungarria lortzeko orduan, baina maiztasunaren eta kopuruaren arabera egokiak edo ez hain egokiak izango dira. Haien balio energetikoa eta azukreak kontuan hartuta lantzean behin jateko elikagaia bada ere, koipe gutxiago dute azken urteotan. Hori dela eta, osasungarriagoak dira, koipe asegabearen proportzioa handitu delako. Urtsuetan, ordea, frutaren proportzioa handitu denez, bitamina gehiago dituzte.
Izozkiaren balio energetikoa ertain-handia da esnedunetan; eta ertain-txikia, urtsuetan. Izan ere, balio biologiko handiko proteinak eta karbohidratoak eskaintzen dituzte, azukre asko dutelako. Mineralen artean, esnearen kaltzioa eta sodioa nabarmendu behar dira.
Gainera, udan freskatu ez ezik, estres-maila fisiko zein emozionala ere murrizten dute.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra

(Visited 313 times, 1 visits today)