CASTELLANO

Azenarioa ezaugarri ugariak eta baliotsuak dituen ortuaria da, baita ezinbestekoa ere, gure sukaldaritzari begira. Oro har, laranja-kolorekoa da, urtsu bezain kurruskaria da eta beste zapore batzuekin ondo doan gozotasuntxoa ere badauka.
10 zentimetro inguruko bi urteko landarea da, eta hosto-erroseta eratzen du udaberrian edo udan. Garatzen duen sustrai handian azukre asko biltegiratzen duenez, badauka neguko tenperatura gogorrei aurre egiterik eta hurrengo urtean loratzerik. Oro har, lehenengo urtean biltzen dira, sustraia bera garatuta dagoenean. Ia-ia urte osoan ereiten dira, eta euren tamaina nahiz lodiera barietatearen araberakoak izango dira. Oso-osorik garatu baino lehen bildu behar dira, euren testura zurezkoa izan ez dadin.
Antzinaroan, Ekialde Ertainean eta Erdialdeko Asian ereiten zen, eta laranja-koloreko gaur egungo itxura hori XVII. mendekoa da. Egosi bitartean laranja-koloreko azenarioak tonalitateari eusten ziola konturatzean zenbait agronomo holandarrek egindako mentuen ondorioa da, hain zuzen ere.
Gordinik, entsaladetan, egosita, lurrunetan eginda, bakarrik edo beste barazki batzuekin… Sustrai xume honek erabilera asko ditu sukaldaritzan, eta hainbat plateren osagaia da: budina, pureak, menestrak, zopak, gisatuak, hornigaiak… Era berean, opilak, bizkotxoak eta tartak egiteko ere erabiltzen dela nabarmendu behar da. Ondo-ondo garbitu behar dira jan baino lehen.
Zuntz, mineral, bitamina eta ur asko ditu, eta beste barazki batzuk baino karbohidrato gehiago ditu. Horrez gain, betakarotenoak ere badituenez, laranja-kolore bereizgarri hori dauka. Antioxidatzaile handiak dira, ikusmena hobetzen dute eta immunitate-sistema, hezurrak zein hortzak indartzen dituzte.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra

(Visited 707 times, 1 visits today)