[button url=’http://wp.me/p4op7e-14I’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
 
Udako ohiko edari freskagarria da Espainia osoan, eta, besteak beste, honako hauexek dira bere osagaiak: ardoa, fruta txikitua (mamiak edo azalak), gozagarria eta likoreren bat.
Espainiako kontsumoari buruzko albisteak XIX. mendearen hasierakoak dira, eta ardo-limonada ere esaten zioten. Ondoren, XIX. mendearen erdialdetik, Amerikarako immigrazio espainiarra jendetsua izan zenez, Amerikan hedatu zen, baina, batez ere, Argentinan eta Paraguayn.
Sangriaren bertsioak era guztietakoak dira. Tradizioaren arabera, Errioxan ekoitzitako ardoa erabili beharra dago, baina kataluniarrek ardo zuriak edo gorriak dituzte nahiago. Era berean, cava, sagardoa edo xanpaina ere erabili daitezke.
Leku batetik bestera ere, era bateko edo besteko fruta darabilte sangria egiteko orduan. Laranjak eta limoiak ez ezik, mertxikak bakarrik edo sagarrak, anana, kiwia, marrubiak, basafruituak, mangoa, gereziak… ere erantsi daitezke nahierara. Ebaki eta erantsitakoan, oso egokia da baretzen uztea. Hori dela eta, hobe da aurreko egunean prestatzea, gauean frutak ardotan marinatu daitezen eta zaporea eman diezaioten. Azukrea, ordea, hurrengo egunean erantsi beharko da.
Batzuek rona edo brandya ere eransten diote; eta beste batzuek, espeziak; esate baterako, iltzea, banilla edo kanela.
Sangriak ardo beltzaren ezaugarri eta onura guztiak nahiz antioxidatzaileak ditu, baita fruten C bitamina ere. Horrez gain, proteinen digestiorako da lagungarria, eta bihotz-hodietako sistemarako ondorio onak ere baditu. Beraz, azukrearekin eta kaloriekin baino ez gara kontu handiz ibili behar.
Edari hau helduentzat baino ez da, eta neurriz edan beharra dago.
 
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra

(Visited 43 times, 1 visits today)