Azaroa hastean, gero eta hurbilago dago San Martin Eguna. Nekazarien eta abeltzainen egutegian, egun horretatik aurrera hiltzen zen eta oraindik ere hiltzen da txerria, urdea, ordotsa, apotea… Antzinako tradizio horrek, hau da, txarribodak, matatxerriak edo txerri-hiltzeak, negu luze bezain hotzerako elikagaiak lortzea zeukan helburu nagusi. Horrela, bada, haragi-dietaren zati handiena hornitzen zen. Sarritan, beraz, bizirauteko arazoa zen txerri-hilketan arrakasta edukitzea eta urte osorako kontserba ona lortzea. Arreta handiz aukeratu behar zen egun egokiena, eta ilargia bera ere hartu behar zen kontuan.

Txerri-hilketan, zenbait familiak eta auzokidek parte hartzen zuten, eta, animalia txikitzean, zenbait atal bereizten ziren. Batzuk oliotan gordetzen ziren, beste batzuk ondu edo gatzetan jartzen ziren eta beste batzuk txerri-hilketan bertan jaten ziren. Horrez gain, txorizoak eta odolesteak egiteko txerriaren odolarekin nahasten zen haragi txikitua ere hartu beharra dago kontuan. Zenbait auzokideren artean egindako antzinako ohitura hori jai-giroan garatzen zen, eta, ondoren, parte-hartzaileen artean banatzen zen guztia.

Gatza funtsezkoa da hestebetea egiteko orduan, zaporea biziagotzen duelako eta, nitratoak dituenez, mikrobioen kutsadura babesten duelako. Koipeari dagokionez, osasungarria den koipe monoasegabe asko badu ere (%45-%50), osasunerako kaltegarriak diren koipe ase ugari ere baditu. Txerrikiz egindako produktu horiek hainbat proteina eta mineral (potasioa, kaltzioa, magnesioa, zinka…), B taldeko bitaminak eta gatza badituzte ere, horrelako elikagai gehiegi ez jatea gomendatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra