Osteoporosia hezurretako gaixotasuna da, eta, hezur-ehunaren dentsitatea gutxitzen duenez, hezurraren hauskortasuna areagotzen da.

Espainiako hezur-gaixotasun ohikoena da, eta, OMErentzat, munduko bigarren osasun-arazo asistentziala da bihotz-hodietako gaixotasunen ostean.

Osteoporosiaren garapenarekin lotutako hainbat faktore daude; esate baterako, sexua, adina, egoera hormonala, genetika, bizimodua eta elikadura. Kalkuluen arabera, faktore genetikoak %80 inguruko eragina izan dezake hezur-masaren aldakortasunean. Dietak eta bizi-ohiturek hain eragin erabakigarririk ez duten arren, eragina izan dezakete hezurren osasunean.

Dieta orekatua egitea eta ohitura osasungarriak edukitzea (ez erretzea, alkohol gehiegi ez edatea eta egoneko bizitza ez egitea) oso lagungarria izan daiteke geure hezurren osasunari eusteko orduan.

Hezurrak egitura solidoak badira ere, egitura bizidun bezain aktiboak dira. Gainera, ehun berria eratu eta zaharra suntsitu egiten denez, etengabe ari dira birmoldatzen.

Dietak zeresan handia dauka hezur-masaren eraketan eta artapenean, prozesu horretan zenbait elikagarri daudelako inplikatuta.

Hezurretan pentsatzean burura datorkigun lehenengo elikagarria kaltzioa da. Ez da gutxiagorako, gure gorputzeko kaltzioaren %99 hezurretan dagoelako eta, horren ondorioz, euren osagai mineral nagusia delako.

Nolanahi ere, hezurren osasuna ona izan dadin, ez da nahikoa dietako kaltzio-ekarpena behar bestekoa izatea. Horrez gain, dieta orekatua egin behar da, bizimodu osasungarria eduki behar da eta beste elikagarri batzuk ere kontuan hartu beharko dira dietan:

Fosforoa: bere ekarpena egokia izan behar da, baina ez larregizkoa. Izan ere, fosforo gehiegi eta kaltzio gutxiegi hartuz gero, hezurren dentsitatea gutxitu egin daiteke adin aurreratuetan.

Edari karbonatatuek (freskagarriak) azido fosforikoa, azukrea eta kafeina dituztela eta, batez ere, dietan bertan esnearen ordez edari horiek hartzen direla kontuan hartuta, eragozpenak sortu daitezke hezur-masari eusteko orduan.

Magnesioa: kaltzioaren metabolismoan parte hartzen du, baita hezurraren artapenean ere.

Potasioa: zenbait azterketatan, Famingham Osteoporosis Studyn, esaterako, mineral horrek hezur-masaren dentsitatearekin lotunea duela adierazten da. Hori dela eta, nahikoa fruta eta barazki janez gero, badago ondo baino hobeto artatzerik.

D bitamina: lotura zuzena dauka hezurren osasunarekin (kaltzioaren giltzurrun-birxurgapena eta heste-xurgapena areagotzen dira) eta eguzkitan jartzeko ohiturarekin.

Proteinak: hezurra eratzeko orduan beharrezkoak badira ere, euren kopurua moderatua izan behar eta ez larregizkoa.

Bizimodua bera ere oso lagungarria izan daiteke geure hezurrak hobeto artatzeko orduan. Esate baterako, tabakoak hezur-masaren dentsitatea gutxitzen omen du. Ohiko ariketa fisikoak, ordea, hezur-masaren galera prebenitu dezake (hori bai, kontuz ustezko erorketa eta hausturekin).

Horren guztiorren ondorioz, hezurren osasun onari eusteko, ez da nahikoa geure elikaduran kaltzioa hartzea, bizimodu osasungarria eraman behar delako arlo guztietan: dieta orekatua egitea (fruta, barazki eta landare-produktu asko jatea; nahikoa esneki jatea; haragia eta arraina neurriz jatea; eta beharrezkoak ez diren ahalik eta produktu gutxien jatea), erretzeari uztea, alkohol gehiegi ez edatea, ohiko ariketa fisikoa egitea eta, ahal dela, argi naturalpean egitea (neurriz eta eguzki-babesaz).

Horrela, bada, gure hezurren osasuna hobea izango da eta, oro har, gure bizimodua bera ere bai.

 

Laura González

Gastronomía Baskako dietista

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra