CASTELLANO

Osoko elikagaiaren kontzeptuak osoko zerealez lortzen diren produktuekin dauka zerikusia. AEBko Sendagai eta Elikagaien Administrazioaren arabera (FDA, ingelesez), elikagaiak osokoak izango dira euren osaketako aleen %51 osoak direnean. Organismoak ehuneko horretatik aurrera xurgatuko du elikagaiek daukaten zuntza.

Osoko zerealez edo osoko aleez lortutako irinak alearen kanpoko estalkiari edo zahiari eusten dio irin zuri edo finduaren aldean. Hori dela eta, osoko elikagaien kolorea ilunagoa da, eta zakarragoak dira ukitzen ditugunean.

AEBko Nutrizio eta Dietetikaren Akademiako aldizkari ofizialean argitaratutako azterketaren arabera, osoko elikagaiak oso onuragarriak dira osasunerako, elikagarriek, zuntzek eta fitokimikoek osatutako bilbadura dutelako (substantzia horiek landare-jatorriko elikagaietan daude, eta modu biologikoan dira aktiboak).

“Osoko elikagaiek (ogia, pasta, arroza, gailetak, gosaritako zerealak…) elikagarri, bitamina, mineral eta zuntz gehiago dituztenez, euren homologo finduak baino osasungarriagoak dira.”

Osoko elikagaien ezaugarriei buruzko azken ikerketen arabera, organismoa desintoxikatzen laguntzen digute, bihotz-hodietako gaixotasunak eta osteoporosia prebenitzen dituzte, 2. motako diabetea garatzeko arriskutik babesten gaituzte, urdail-hesteen osasuna hobetzen dute heste-igarotzea mugiaraztean eta zenbait minbizi-mota edukitzeko arriskua murrizten dute.

Bestetik, pisua modu osasungarrian kontrolatzen ere laguntzen digute, inolako zalantzarik gabe. Osokoak ez diren produktuen aldean, kaloria-kopuru bera duten arren, zuntz gehiago dutenez, asetasun-sentsazioa handiagoa da, eta heste-igarotzea hobetzen da. Edonola ere, neurriz jan behar dira, eta pertsona bakoitzaren banakako ezaugarriak eta adina hartu behar dira kontuan.

Espainian, SENCeko (Espainiako Nutrizio Bateratuaren Elkarteko) elikadura osasungarriaren gidan, egunean 4-6 anoa zereal eta deribatu jatea gomendatzen da, eta, bertan, osoko zerealen zeresana handia da. Egunean sei anoa arroz eta pasta jaten ez ditugunez, oso garrantzitsua da ogia jatea. Izan ere, ezin errazagoa da edozein otordutan sartzea. Oso kontuan hartu beharra dago jaten ditugun elikagaien energiaren %50 baino gehiago karbohidratoetatik datorrela.

Nolanahi ere, ez dugu oraindik nahikorik jaten. Jendeak haien onuren berri ez daukanez eta osoko elikagaien inguruko era guztietako terminoak erabiltzean elikagaigintzako etiketak nahasiak direnez, arazo handiak daude zabalkundea handiagoa izan dadin.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra