Uda eta eguraldi ona iristean, eguneroko ohiturak aldatzen ditugu, eta, zenbait astez, bizitegia ere bai.

Oro har, aldaketa horiek gure dietan dute eragina, baina horrek ez du esan nahi udan behar bezala jan behar ez dugunik. Horrez gain, eguraldi onak eta sasoiko era guztietako frutek zein barazkiek osasuntsuago jateko aukera aparta ere eskainiko digute.

Ikusi dezagun nola:

Hoteleko oporrak

Hotelean edo antzeko beste leku batean bagaude, “mahaia ipinita” edukiko dugun arren, ez dugu larregi edo desegoki zertan janik. Hona hemen zenbait aholku:

Gosarietan:

– Ogi txigortua, urdaiazpiko serranoa eta tomatea edo giharrezko fianbrea aukeratuko ditugu (urdaiazpiko egosia eta gazta freskoa, esaterako), opilak edo gailetak alde batera utzita. Beste aukera on bat zerealak, jogurta edo esne hotza jatea izango da.

– Ebakitako fruta freskoa edukitzea aitzakia ezin hobea izango da gosaritan arrazio bat jateko.

– Gosari koipetsuenak (arrautza frijituak, hirugiharra, saltxitxak…) egun zehatzetarako utziko ditugu, edo, bestela, otordu nagusian konpentsatuko ditugu bazkari arinagoaren bidez.

Oro har, “Dena barne” modalitatearen ondorioz, edari alkoholdunak, zukuak, freskagarriak, izozkiak… hartuko ditugu otorduez kanpo. Ordainduta edukita ere, ez dago horrelako elikagai edo edari lar zertan harturik.

Buffet librea: onerako eta txarrerako, “begiez” jaten dugunez, askotan gogorik gabe jan edo utzi egingo dugun janariaz betetzen dugu platera. Beraz, hobe da arrazio txikiak zerbitzatzea eta, gogo gehiago izanez gero, altxatzea eta errepikatzea.

Otordu nagusietan, arrazio bat barazki edo, gutxienez, barazki-hornigai bat jaten ahaleginduko gara, gordinik (entsalada moduan) edo prestatuta (pure moduan edo osorik).

Postre gozoek (izozkiak, tartak, pastelak…) ez lukete fruta freskoa ordezkatu beharko, eta, are gutxiago, egunero. Horrelako postrea jan nahi badugu, ale bat fruta jango dugu lehendabizi; eta postre gozoaren arrazio txiki bat, ondoren.

– Bigarren etxebizitzako oporrak

Gure “bigarren etxebizitza” edonon dagoela ere (hondartza, mendia, landa-ingurunea…), eguraldi onak aukera paregabea eskainiko digu atari zabaleko ariketa fisikoa egiteko. Besteak beste, honako ariketa fisikoa egin ahal izango dugu modu osasuntsu bezain dibertigarrian: itsasbazterretik osteratxoa egitea, hareatzan paletan jokatzea, landan osteratxo biziak egitea, mendira igotzea, baratzeko zereginak garatzea edo etxeko umeekin jolastea.

Horrez gain, gure elikadura zaintzeko une ezin egokiagoa ere izango da:

– Sasoiko “nahi beste” tomate jango ditugu: entsaladan, purean, gazpatxo edo salmorejo moduan… Izan ere, freskatu egingo gaituzte, eta honako hauxe eskainiko digute: zuntza, bitaminak, mineralak eta osasunerako antioxidatzaileak bezain onuragarriak diren substantziak.

– Lekaleak sartuko ditugu geure dietan. Tenperaturak gora egitea eta ohiko etxebizitzatik kanpo jatea ez litzateke lekaleak ez jateko aitzakia izan beharko. Ohiko eltzekoak neguan gusturago jaten baditugu ere, entsalada gozo-gozoak egiteko erabili ahal izango ditugu lekaleak (dilistak, txitxirioak…). Bertan, gainera, egositako edo kontserbako barazkiak ere erantsi ahal izango ditugu, plater fresko bezain osasungarriak lortzeko.

– “Barbakoan”, ez genituzke txuletak, txorizoa, odolostea edo produktu koipetsuegiak bakarrik erre beharko. Haragi gihartsua eta arrain asko ere gozo baino gozoago daude parrillan erreta. Hain zuzen ere, janaria koiperik gabe prestatzeko modu paregabea da. Aldi berean, gainera, arrain urdina (sardinak, esaterako) edo zenbait barazki (alberjiniak, tomateak…) jateko abagunea ere izango dute umeek (eta helduek).

– Sasoiko fruta freskoa erosiko dugu: mertxikak, nektarinak, paraguaioak, gereziak, aranak, meloiak, sandiak… Udako fruta ugaria bezain gozoa da (hiru arrazio eguneko).

– Ez ditugu izozki gehiegi jango. Euren osagaietako bat esnea bada ere, honako hauxe ere badaramate: txokolatea, landare-koipe hidrogenatuak, azukreak… Hori dela eta, oso elikagai kalorikoak dira, baina, batez ere, larregi jaten badira. Izozki-gura asetzeko moduko arrazio txikiagoak jango ditugu, beraz.

Egunero izozkirik ez jateko ordezko ona izan liteke fruta naturalez egindako izotz-edariak edatea. Horretarako, fruta eta izotz txikitua irabiatuko ditugu, edo fruta-zuku naturalez egindako poloak prestatuko ditugu.

Dena dela, gure oporlekua edozein dela ere, udan etxean bertan geratzen bagara ere, urtearen gaineratikoko ordutegi zorrotzak lasaiagoak izango direnez, familiarekin jan eta ohitura osasungarriak sustatu ahal izango ditugu txikienen artean. Aldi berean, janariaz ere gozatu ahal izango dugu familiarekin.

 

Laura González

Gastronomia Baskako dietista

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra