Gure kulturan oinarrizko elikagaia bada ere eta eguneko edozein otordutan jaten badugu ere, bere kontsumoa topikoz beteta dago, eta, oro har, ez dauka merezitako ospe onik.

Ogiaren osagaiak diren zerealak elikadura osasungarriaren oinarria direnez, gure mahaian egon beharko lirateke. Gainera, osoko barietateak aukeratuz gero, askoz hobeto.

“Ogiaren kaloria-ekarpena handia da”

GEZURRA

Elikagai guztiek kaloriak dituzte, eta ogia ez da salbuespena. Edonola ere, uste ez bezala, bere kaloria-ekarpena ez da larregizkoa, 100 gramoko 250 Kcal ingurukoa da-eta.

Ogiaren ekarpen energetikoa honako hauexetatik dator, batez ere: karbohidratoak (almidoia) eta, kopuru txikiagoan, landare-proteinak (8 g / 100 g), zuntza (3,5 g / 100 g), B taldeko bitaminak eta mineralak (fosforoa eta magnesioa).

Oro har, berarekin batera doana izan ohi da ogiaren atal kalorikoena: bustitzeko aukeratutako saltsak edo barruan sartzeko hautatutako elikagaiak (maionesak, pateak, hestebeteak…).

“Argaltzeko, hobe da otorduetan ogirik ez jatea”

GEZURRA

Lehen aipatu dugun bezala, ogia ez da gehiegizko elikagai kalorikoa, eta oso koipe gutxi dauka. Gure dietari begira funtsezkoak diren karbohidrato konplexuak eta zuntz-kopuru moderatua dauzka, eta gure kultura gastronomikoaren osagaia da (ogirik gabeko janaria ez da hain gozoa). Hori dela eta, oso egokia eta beharrezkoa da gure eguneroko dietan kontuan hartzea, dietak hipokalorikoak badira ere. Halakoetan, beste elikagai batzuetan gertatzen den bezala, hobe da bere kontsumoa kontrolatzea.

“Ogiaren mamiak azalak baino gehiago loditzen du”

GEZURRA

Oro har, ogiari mamia kendu ohi diogu, gehien loditzen duen atala delakoan, guztiz kontrakoa gertatzen denean.

Ogiaren mamiak eta azalak kaloria-kopuru bera daukaten arren (osagaiak berberak dira), azalak kaloria gehixeago dituela esan beharra dago. Ogia egiteko prozesuaren ondoren, deshidratatu egiten denez, ura galduko du, baina elikagarri gehiago izango ditu.

“Biskoteek ogi zuriak baino gutxiago loditzen dute”

GEZURRA

Ogiaren mamian eta azalean gertatzen den bezala, ogi txigortuak edo biskoteek pisu-unitateko ohiko ogiak baino ur gutxiago dutenez, kaloriaren bat gehiago izango lukete kopuru bera janez gero.

Hala ere, egia da barrako ogia baino errazago neurtzen direla (pisu zehatza duten unitateak jan ditzakegu).

Gainera, biskoteen edo ogi txigortuaren testura nolakoa den kontuan hartuta, ez dugu saltsetan bustitzeko edo beste elikagai koipetsu batzuekin jateko hainbateko gogorik edukiko. Bestetik, horrelako ogia murtxikatzea askoz zailagoa ere izango denez, asetasun-sentsazioa lehenago agertuko da.

“Moldeko ogia ogi zuria baino osasungarriagoa da”

GEZURRA

Moldeko ogiaren eta ogi zuriaren ekarpen kalorikoa antzekoa bada ere, moldeko ogiak ogi zuriak baino koipe eta azukre gehiago duela esan daiteke. Hori dela eta, ogi zuria osasungarriagoa izango da.

“Osoko ogiak ez du loditzen”

GEZURRA

Osoko ogiak ogi zuriak beste kaloria ditu gutxi gorabehera (ogi-xerra baten alde kalorikoa 5 Kcal ingurukoa izan daiteke).

Ekarpen energetikoa antzekoa izan arren, zenbait dietatan hobe da osokoa jatea idorreria prebenitzeko (zuntzak hesteetako igarobidea arintzen du): dieta hipokalorikoak (besteak beste, asetasun-sentsazioa sustatzen duelako), dieta diabetikoak (oso lagungarria delako odoleko azukre-maila moderatzeko orduan), koipe gutxiko dietak…

Bestetik, ohiko errakuntza ere bada osoko ogia dieta berezietan bakarrik jan beharra dagoela pentsatzea (lehen aipatu ditugun dietetan, esaterako). Nolanahi ere, osoko zerealek onura asko eskaintzen dituztenez (hainbat zuntz, bitamina, mineral… dituzte), gure eguneroko dietan agertu beharko lirateke.

Laura González

Gastronomía Baskako dietista

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, esteka honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra