CASTELLANO

 

Maiatzaren 28an Nutrizioaren Munduko Eguna egiten da. Espainiako Nutrizio, Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Federazioaren ekimena da (FESNAD), eta beste erakunde batzuen lankidetzapean eta farmaziagintzaren nahiz elikagaigintzaren babespean garatzen da.

Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez (OME), elikagaiak organismoaren premien arabera jatea da nutrizioa. Nutrizioa ona izatea (ohiko ariketa fisikoarekin nahastutako dieta nahikoa bezain orekatua) osasun onaren funtsezko elementua da. Horrez gain, bere esanetan, nutrizioa egokia ez bada, eragin kaltegarria izan dezake sistema immunean, garapen fisiko zein mentala aldatu dezake eta gaixotasunekiko zaurgarritasuna areagotu dezake.

Gaur egun, estresaren eta presen ondorioz, ez diogu arreta gehiegi ematen nutrizioari, eta jate hutsa nahikoa dela uste dugu. Hala ere, alde handia dago nutrizioaren eta elikaduraren artean.

“Nutrizioa ona izatea (ohiko ariketa fisikoarekin nahastutako dieta nahikoa bezain orekatua) osasun onaren funtsezko elementua da.”

Nutrizioa elikagaien substantziak xurgatzeko eta asimilatzeko nahi gabeko ekintza da, eta elikagai bakoitzaren ezaugarri bereziak hartu behar dira kontuan, elikadura orekatua izan dadin. Elikadura, ordea, borondatezko prozesua da, eta, horren bidez, kontsumorako egokiak diren substantziak lortzen ditugu zatitu, prestatu eta jan ondoren. Hain zuzen ere, hortxe bertan hasten da nutrizioa.

Nutrizioa eta metabolismoa eskutik doaz. Elikagaiak jaten ditugunean, metabolismoak ehunetako elikagarriak eraldatzen ditu energia erdiesteko. Beraz, geure organismoari gorputzeko funtzioei eusteko egokiak diren elikagarriak ematen ez badizkiogu, gure osasunaren kalterako izan daiteke.

“Oso gomendagarria da egunean 10 edalontzi ur eta beste likido batzuk ere edatea eta luzaroan urik edan gabe ez egotea.”

Edizio honetan, “Hidratazioa osasuna da” lelopean, Espainiako Nutrizio, Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Federazioak (FESNAD) Espainiako Kontsumo, Elikaduraren Segurtasun eta Nutrizioaren Agentziaren laguntzaz (AECOSAN) nabarmendu nahi du gure osasunari begira zeinen garrantzitsua den hidratazioa.

Ohitura horren garrantzia nabarmentzea da helburua, gure gorputzaren %50-%70 ura dela kontuan hartuta. Gure dietako ezinbesteko elementua denez, ekarpenaren %80 ura izan behar da gutxienez; eta %20, elikagaiak eta beste edari batzuk (frutak, barazkiak, saldak, esnea…). Era berean, oso gogoan ere eduki beharra dago ez dela egarri izan arte itxaron behar edateko. Oso gomendagarria da egunean 10 edalontzi ur eta beste likido batzuk ere edatea eta luzaroan urik edan gabe ez egotea.

Talde batzuek deshidratatzeko arrisku handiagoa dutenez, arreta handia eduki behar da haiekin: umeak eta adinekoak (ur gutxiago edaten dute egarri-sentsazio txikiagoa dutelako).

 

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra