CASTELLANO

 

“Lekaleak: urte osorako aukera osasungarria” mezupean, maiatzaren 28an Nutrizioaren Egun Nazionala egiten da. Espainiako Nutrizio, Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Federazioak (FESNAD) Espainiako Kontsumo, Elikaduraren Segurtasun eta Nutrizioko Agentziaren lankidetzapean (AECOSAN) egindako ekimena da.

2016.urtean, Lekaleen Nazioarteko Urtea antolatu zuen Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO), eta, horren ostean, elikagai horrek osasunean daukan garrantzi handia nabarmendu zen berriro.

Gaur egun, gure herrialdean, lekaleen kontsumoa kopuru gomendagarrien azpitik dago, hau da, 3,1 kilogramo biztanleko eta urteko. Beraz, %60 baino gehiago jaitsi da azken hamarkadotan. Hori dela eta, nazioko eta nazioarteko erakundeek gomendatu egiten dute eguneroko dietan astean hirutan jatea gutxienez.

Lekaleak, lekadunen familiako landareen hazia, gizakien elikaduraren osagaia da duela milurteko askotatik, zerealekin eta zenbait frutarekin batera. Elikagai asegarri bezain merkea da. “Txiroen haragia” ere esaten zitzaien, aberastasunaren adierazgarri zen haragi-kontsumoaren aldean.

Egosteko aldia luzea bada ere, gaur egun ontziratuta daude salgai, eta kontserbazio-epealdiak luzeak dira. Sukaldaritza tradizionalaren eta abangoardiakoaren osagaia dira, era askotara prestatu daitezke-eta: egosita (plater ezagunena), erregosita, pureak, entsaladak, hornigaiak, zizka-mizkak edo azkenburukoak…

Onura elikagarriak

Euren ezaugarri bereizgarrien artean, proteina asko (landare-jatorriko kopuru handiena) eta zuntz ugari dituztela nabarmentzen da. Horrez gain, kaloria gutxi dituzte, ez dute kolesterolik eta bihotz-hodietako gaixotasunak dituztenentzat dira gomendagarriak. Mineral-maila egokia ere badute, burdina, zinka eta kaltzioa, baita B taldeko bitaminak ere. Era berean, hesteetako funtzioa eta digestio-hormonak erregulatzen dituzte. Koipe gutxi dutenez, oso gomendagarriak dira pisuari eusteko.

Espainian, kalitate bereizgarriko, kalitate elikagarri handiko eta ezaugarri organoleptiko bereziko hamar lekale daude (jatorri-deiturak edo argibide geografiko babestuak): Santa Pauko fesolak, Ganxeteko mongeta, La Bañeza-Leongo indabak, Asturiasko faba, Lourenzako faba, Escacenako txitxirioa, Fuentesaucoko txitxirioa, Barco de Avilako babarrunak, Armuñako dilista eta Tierra de Camposeko dilista.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.

© Zainduzaitez, Bilbao 2018. Lege-Oharra