Behar beste lo egitea eta sedentarioa ez izatea (telebistaren edo ordenagailuaren aurrean emandako orduetan neurtuta, batez ere) funtsezko bi faktore dira umeen loditasunari aurre egiteko orduan. Oso garrantzitsua da lehenengo urteetatik barazki asko eta haragi gutxi dituen elikadura ugaria bezain orekatua sustatzea.

Pisu osasungarriari eusteko orduan, umeentzat oso lagungarria izan daiteke behar beste lo egitea. Modu berean, egiaztatu ere egin da zenbat eta denbora luzeagoa eman umeek telebistaren edo ordenagailuaren aurrean, orduan eta gorputz-pisu handiagoa dutela. Halaber, otordu guztiak garrantzitsuak badira ere, gosaria oinarrizko faktorea da elikadurako ohitura osasungarrietan hezteko orduan. Horiexek dira, hain zuzen ere, Idefics azterlanaren babespean (Dietak eta bizimoduak umeen osasunean dituzten ondorioen identifikazioa eta prebentzioa) argitaratu diren azken ikerlanetan eskainitako funtsezko zenbait ideia. Azterlan hori zentro anitzeko azterketa epidemiologiko paneuroparra da, eta 2007. urtean jarri zen abian Europar Batasuneko fondoei esker.
Orain dela gutxi, European Journal of Clinical Nutrition argitalpenean, azken ekarpen horietako bat azaldu da, antzemandako zenbait faktore nabarmentzeko. Emaitzen arabera, telebista ikusteagatiko ondorioak beste jarduera batzuk pantailaren aurrean egiteagatikoak baino nabariagoak dira ume txikientzat, azukredun edarien kontsumo-indizeei eta gorputz-masaren indizearen nahiz loditasun zentralaren gorakadari dagokienez. “Gure aurkikuntzei erreparatuz gero, badirudi telebista ikusteak beste jarduera batzuek baino ondorio handiagoa duela elikadurako ohituretan eta antropometrian”, azaldu dute Suediako Gothenburgeko Unibertsitateko Elikadura, Nutrizio eta Kirol Zientzietako Sailak garatutako ikerlaneko ondorioetan.
Lehentxeago, Zaragozako Unibertsitatearen zuzendaritzapean garatutako elkarlanean egiaztatu ahal izan zenez, gutxi gorabehera umeen herenek ez dituzte pantailaren aurrean eman beharreko batez besteko denbora-gomendioak betetzen. Lan horretan adierazitakoa kontuan hartuta, umeen gelan telebista dagoenean, are handiagoa izango da larregizko erabateko pantaila-epealdia sortzeko arriskua. Informazio hori oso erabilgarria izan daiteke, gazteen osasun publikoaren sustapenerako ekintzen ustezko helburuak zehazteko orduan.
Bestetik, aldez aurretik egindako lanetan, aztertu egin dute haurtzaroko loaldia nabarmen aldatzen dela Europako herrialdeen artean (9-10 ordukoa da Estonian; eta 11 ordutik gorakoa, Belgikan, adibideren bat jartzearren). Europako hegoaldeko eta ekialdeko umeek iparraldekoek baino ordu gutxiagoko atsedena hartzen dute. Hartara, gauero 9 ordu baino gutxiago lo egiten duten umeek lodiegi egoteko joera handiagoa dute, 11 ordu lo egiten duten umeen aldean. Haur-eskolako umeek gauero 9 ordu baino gutxiago lo egiten badute, lodiegi egoteko arrisku nabarmen handiagoa izango dute. Are gehiago, umeek 11 ordu baino gutxiago lo egiten dutenean, lodiegi egoteko arriskua %40 handiagoa izango da. Arrisku hori, gainera, %300 handiagoa izango da, 9 ordu baino gutxiago lo egiten badute. Askotan, lo egin beharrean, telebista ikusten dute, edo bideojokoetan jokatzen dute, umeak direnean, batez ere. Hori dela eta, umeen loditasunari aurre egin nahi izanez gero, ezinbestekoa izango da umeek behar beste lo egitea. Hori lortzeko, ageri-agerikoa da pantailaren aurrean emandako denbora murriztu beharko dela.
Gurasoei egindako inkesten arabera, mugikortasun handiko lekuetan bizi diren umeek (atari zabalean jolasteko eta ibiltzeko aukera handiak) gutxienez eta batez beste 15 minutu gehiago ematen dituzte atari zabaleko jarduerak egiten, mugikortasun murritzeko lekuetan bizi direnen aldean. Arrazoi politikoei begira, informazio hori oso garrantzitsua da udal-mailan eta etxebizitza berrien zein ingurumen-arloko egituren plangintzan inplikatuta daudenentzat.

Diario de Sevilla