Trumoiak daudenean Santa Barbararekin gogoratzen garenean bezala, uda iristen denean, sobera ditugun kiloak are agerikoagoak dira, eta ahalik eta azkarren galdu nahi ditugu. Batzuetan, gainera, edozeren truke.
Osasungarriak ote dira pisua azkar eta ahaleginik gabe galduko dugula agintzen diguten “mirarizko dietak”? Eraginkorrak ote dira?
Zer dira “mirarizko dietak”?
NAOS estrategiaren arabera (Nutriziorako, Jarduera Fisikorako eta Loditasunaren Prebentziorako Estrategia), “pisua ahaleginik gabe galduko dugula agintzen diguten dietak” izango dira. Horrez gain, euren helburu nagusia nola edo hala pisua galtzea izango da eta ez elikadura-ohitura zein bizi-ohitura osasungarriak sustatzea.
Larregizko pisua gai estetikoa ez ezik osasun-arazoa ere badenez, gure helburua pisua galtzea izan behar da, osasuntsuago egoteko.
Nola jakin “mirarizko dietak” direla?
Oro har, antzeko zenbait ezaugarri dituztenez, berehala antzemango ditugu, gai horretan adituak izan ez arren:
1. Azkar eta ia-ia ahaleginik gabe kilo asko galduko ditugula aginduko digute
Loditasuna edo larregizko pisua ez dira goizetik gauera agertzen, kiloak urteen joan-etorrian pilatzen direlako.
Urtean pare bat kilo irabaztea ez da lar nabaria, baina urteen joan-etorrian pisua irabazten jarraitzen badugu, 20 kilo gehiago ere eduki ahal izango ditugu hamar urtean.
Loditasunaren ondorioz, koipe gehiegi dugu gorputzean, eta, egoera hori konpontzeko, ezinbestekoa izango da elikadura-ohitura txarrak alde batera uztea eta beste osasungarriago batzuk barruratzea.
Oso kontuan hartu beharra dago neurriz eta epe luzera galdu beharko dela pisua (urte erdian, gutxienez). Izan ere, zenbat eta azkarrago galdu pisua, orduan eta gihar gehiago galduko dugu (muskulua eta ura, batik bat), masa koipetsuaren aldean.
2. Oinarrizko elikagai-multzoak murriztu, trukatu edo kendu egingo dituzte, edo elikagai “onak eta txarrak” daudela azalduko dute
Oro har, zerealak dira mirarizko dietetan txartoen tratatzen dituzten elikagaiak: ogia, pasta, arroza…, nahiz eta elikadura osasungarriaren piramidearen oinarrian egon.
Beharrezkoak ez diren elikagaiak (nutrizioari begira premiazkoak ez direnak), hau da, opilak, gozokiak, zizka-mizka gaziak… ere izan daitezke dieta orekatuaren osagaiak, betiere neurriz jaten baditugu eta arrazioak zaintzen baditugu. Are gehiago, elikadura-ohiturak aldatu nahi ditugunean, osasunaren mesedetan pisua galdu ahal izateko.
 
 
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 367 times, 1 visits today)