CASTELLANO

 

Kasuan kasuko sasoian baratzean eskuragarri dauden barazkiez egindako ohiko erregosia da, eta urdaiazpiko edo haragi zatitxoak eransten zaizkio. Nahiz eta jendartean oraintsu zabaldu, zenbait mendetako historia dauka. Hasieran, barazki guztiak nahasten zituen mazedonia edo eltzekaria zen. “Menestra” hitza “minestra” hitzetik dator, eta “mahaia zerbitzatzea” esan nahi du. Hortik, “barazki-zopa” den “minestronea” ere badator.

Menestra zaporetsu bezain nahigarria lortzeko, oso garrantzitsua da osagaiak freskoak eta ugariak izatea. Bitaminaz zein mineralez betetako platera da, hainbat elikagarri ditu eta oso koipe gutxi. Menestran, barazkiak euren puntu zehatzean egon behar dira egosita, eta, horretarako, ezin dira hogei minutu baino gehiago egosi. Kontu handiz ibili behar da olioarekin, barazkiek neurri handian xurgatzen duten arren ezin delako lar agertu. Urtsua barik, lehorra izan behar da testura.

Espainiako herri-platera bada ere, eskualdeek euren barietatea dute. Nafarroan, menestra berezia egiten da Erriberako kalitate handiko barazkiez, eta hostorezko saskitxoan zerbitzatzen da. Aragoin, hainbat barazki erabiltzen dira, eta lukainkaz zein tomatez egindako olio errea ere eransten zaie. Errioxan, egositako barazkiak arrautzatan pasatu eta frijitu egiten dira bateratu baino lehen. Era berean, oso arrunta ere bada baratze aberatsak dituzten beste eskualde batzuetan: Murtzia, Gaztela… Dena dela, Nafarroako Tuterako udalerriko menestra ospetsua nabarmendu beharra dago. Lau barazki baino ez dira erabiltzen, eta udaberriko epealdi laburrean baino ez dira ekoizten: baratxuriz ondutako orburuak, zainzuriak, ilarrak eta babak.

“Menestrak proteina ugari eta kolesterola murrizten duten koipe osasungarriak ditu, eta haragiaren kontsumoa ordezkatu dezake.”

Elikagarriak prestaketaren eta osagaien araberakoak izango dira. Bitaminen eta mineralen kopurua ere egosketa-mailaren eta bertan erabilitako ur-kopuruaren araberakoa izango da. Menestrak proteina ugari eta kolesterola murrizten duten koipe osasungarriak ditu, eta haragiaren kontsumoa ordezkatu dezake. Zuntz ugari ere badaukanez, oso lagungarria da odoleko kolesterola jaisteko eta idorreriari aurre egiteko.

Menestra izoztua eta freskoa

Menestra freskoa sarritan erabiltzen da oso erosoa delako. Izan ere, garbituta, ebakita eta egosteko prest datoz barazkiak. Nabarmendu egin beharra dago menestra izoztua freskoa bezain osasungarria dela, freskoaren zaporea askoz hobea bada ere. Izoztuak barazkien ezaugarri guztiei eusten die, ebakitzen direnetik izoztu arte igarotako denbora oso laburra delako. Gainera, zuritu egiten dituztenez, hau da, garbitzeko orduan irakiten dagoen uretan murgiltzen dituztenez, mikrobioen edo bakterioren hondar guztiak desagertzen dira.

Barazki izoztuak modu berezian tratatu behar dira, bestela baliteke izozketari esker gorde diren zenbait ezaugarri galdu izana. Ez du hotz-katea hautsi behar, elikagarririk ez galtzeko. Ez dira inoiz prestatu baino lehen desizoztu behar, eta irakiten dagoen uretan egosi behar dira. Horrez gain, kontsumorako gomendatutako data ere hartu beharra dago kontuan, hortik aurrera ezaugarriak galtzen hasten dira-eta.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra