CASTELLANO

 

Ur gaziko arrain zuria da, eta oso preziatua da bere kalitateagatik. Erraz bereizten da, gorputz luzanga duelako, alboak gris zilarkarak direlako, bizkarraldean ilunagoa delako eta hagin txiki bezain zorrotzak dituelako.

Honako hauexek dira legatzaren arrantza-leku nagusiak: ipar-ekialdeko atlantikoa -Gran Sol-, Malvinak, Senegal, Namibia eta Zelanda Berria. Bere haragiaren kalitateagatik Kantauri itsasokoa da preziatuena. Edonola ere, gero eta ale gutxiago daude, ez direlako bere zikloak errespetatzen eta ez dagoelako arrantza jasangarria garatzerik. Itsas hondo lokatz-hareatsuetan bizi da, eta, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sakonago bizi da. Udaberriaren hasieran, ugaltzeko elkartzen da, eta martxoan erruten du.

Gaur egun oso arrain preziatua bada ere, ez da beti horrela izan. XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara arte, jatetxe frantses batzuetan “izokin zuria” izenpean zerbitzatzen zuten, legatzaren aldean izokinak izaera elitista handia zeukan-eta.

“Legatza arrain zuria da, digestio errazekoa, eta, ia-ia gantzik ez duenez, koipe gutxiko arraina dela esaten da.”

Kilo eta erditik aurrera, ez da merlenka izango, legatza baizik. Haien testura desberdina da. Legatzaren zaporea biziagoa da, eta merlenkak baino hezur gutxiago ditu. Hori dela eta, oso arrain gomendagarria da umeentzat. Prezioa eta zaporea erabilitako arrantza-aparailuen araberakoak izango dira. Amuko arraina bada, bere prezioa arrasteko teknikaren bidez harrapatutakoaren bikoitza izango da. Lehenengo kasuan, arrainari ez zaio hainbesteko kalterik egiten, haragia leunagoa da kolpe gutxiago jasan dituelako eta haragia zuriagoa da.

Espainian gehien jaten den arraina da. Bere sasoia martxoan hasi eta uztailean amaitzen bada ere, urte osoan dago salgai: freskoa edo izoztua. Bere prezioa izakinen kopuruaren araberakoa izango da. Merlenka baino legatz gutxiago dagoenez, garestiagoa da.

Erosteko orduan, ziurtatu egin beharra dago zakatzen kolorea gorri bizi-bizia dela, haragia irmo dagoela eta begiak irtenak bezain distiratsuak direla. Legatza handiagoa denez, zatika saltzen da; eta txikiagoa den merlenka, osorik. 2014. urteaz geroztik, honako hauxe jarri behar da arrantzako produktuen etiketetan: espeziearen izen zientifikoa, erabilitako arrantza-aparailua eta desizoztuta dagoen.

Inolako zalantzarik gabe, Espainiako kultura gastronomikoan sustraituen dauden arrainetakoa da, eta hainbat eratara prestatzen da: arrautza-irinetan pasatuta, saltsan, plantxan, egosita, patatekin saltsa berdean… Merlenka urtsuagoa denez, labean prestatzen da.

Osasunerako onurak

Legatza arrain zuria da, digestio errazekoa, eta, ia-ia gantzik ez duenez, koipe gutxiko arraina dela esaten da. Ia-ia ez du koiperik: 1,8 gramo koipe 100 gramoko. Oso egokia da kolesterola jaitsi behar dutenentzat edo argaltzeko dieta hipokalorikoa (kaloria gutxikoa) egiten ari direnentzat.

Kalitate oneko proteina ugari eta B taldeko bitaminak ditu, baita mineralak ere; esate baterako, fosforoa, potasioa, zinka, magnesioa, iodoa eta burdina.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra