1973. urteaz geroztik, Ingurumenaren Munduko Eguna egiten da ekainaren 5ean, Nazio Batuetako Batzar Nagusiak ezarri zuen bezala. Biztanleak ingurumenaren arloko gaien inguruan sentsibilizatzea eta motibatzea dauka helburu, garapen jasangarriko eragile aktiboak izan daitezen eta etorkizuna oparoagoa zein seguruagoa izan dadin.

Aurton, munduko erkidegoak sare sozialetan bozkatutako eta aukeratutako eslogana “Zazpi mila milioi amets. Planeta bakarra. Neurriz kontsumitu” izango da. Munduko Egunaren aurtengo edizioan, planetak birsortzeko daukan ahalmena eta ekoizpen nahiz kontsumo jasangarrien bidez baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko moduak errespetatu egin behar direla adieraztea izango da xede nagusia.

“Zazpi mila milioi amets. Planeta bakarra. Neurriz kontsumitu”.

Milango Nazioarteko Erakusketa dela eta, Munduko Egun honetako herrialde anfitrioia izateko aukeratu dute Italia. Erakusketaren “Planeta elikatzea, bizirako energia” leloa Munduko Egunaren esloganaren osagarri da. Italiako hirian, teknologiak, ideiak eta irtenbideak erakutsiko dira, guztiontzako elikagai osasungarriak, seguruak eta eskuragarriak bermatzeko eta planeta zein bere oreka errespetatzeko. Erakusketa maiatzaren 1ean hasi zen, eta urriaren 31n amaituko da. Bertan, hain zuzen ere, nazioarteko 140tik gora herrialde eta erakundek parte hartuko dute, eta zenbait ideia eta berrikuntza aurkeztuko dituzte, kontsumitzen duena baino gehiago ekoizten duen munduan etorkizunean guztiontzako janaria egongo dela ziurtatzeko, munduan 800 milioitik gora lagun gose direla kontuan hartuta.

Nazio Batuetako idazkariorde orokorra eta NBIPeko zuzendari eragilea (Nazio Batuen Ingurumen Programa) den Achim Steinerrek adierazi duenez:

“Elikagaien ekoizpena kontsumo-modu ez-jasangarrien adibide agerikoenetakoa da, urtero 1,3 mila milioi tona elikagai botatzen direlako eta mila milioi lagunek desnutrizioa dutelako”.

Milango Nazioarteko Erakusketa elikadurari buruzko eztabaida-foroa izango denez, Ingurumenaren Munduko Eguna egiteko plataforma ere aukeratu dute aurton. Horri esker, irtenbideak zehaztu eta gizarte jasangarriagoa sortu ahal izango da, jende guztiak bizitzeko elikagaiak eduki ditzan.

 

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra